Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza ikastaro berria, Lea Artibai ikastetxean

Dokumentuaren akzioak

Dantza ikastaro berria, Lea Artibai ikastetxean

Matrikulazio epea zabalik dago jadanik eta urri osoan dohainik joan ahal izango da, proba gisa. Dantzaldi Ibiltariaren edizio berria datorren urriaren 5ean abiatuko da
Komunikabidea
El Correo
Mota
Albistea
Data
2016/09/23
Lotura
El Correo

Markina-Xemeingo Artibai Ikastetxeak, Dantzaldi Ibiltariaren, urritik ekainera AIKO Taldeak Euskal Herriko hainbat lekutan dantza tradizionala zabaltzen laguntzeko, eskaintzen duen dantza ikastaroaren, edizio berria jasoko du datorren asteazkenetik, urriaren 5etik, aurrera. Dantzaren metodologia ezagutzeko eta dantzan ikasiz gozatzeko interesa duten pertsona guztiei zuzenduta, AIKO Taldeak partaidetzan oinarritutako erakusketa tailerrak eskainiko ditu hilabete honetan Lea Artibai eskualdean. Klaseak Ainhoa Odiaga dantza maisu markinarrak eskainiko ditu. Igande honetan, irailaren 25ean, goizeko 11:00etan, Ziortza-Bolibarren (pilotalekua); astelehenean, 26an, Aulestin, 18:00etan (Pilotalekuko psikomotrizitate gelan) eta datorren ostiralean, irailaren 30ean, 19:00etan Munitibarren (Udaletxean).

Horrela, erakusketa tailerren ostean, Dantzaldi Ibiltariaren edizio berria hurrengo asteazkenean, urriaren 5ean, hasiko da, Lea Artibai Ikastetxearen instalazioetan, AIKO Taldearekin sinatutako lankidetzarako akordioaren ostean. Ikastaroa, urritik ekainera bitarteko asteazken guztietan eskainiko da, bi mailatan: 18:00etatik 19:30era lehenengo pausoak eman behar dituztenei egongo dira zuzenduta eta 19:30etik 21:00etara euren teknika hobetu gura duten dantzazaleen txanda izango da. Matrikularen prezioa 160 eurokoa da (110 € Lea Artibai Ikastetxeko ikasle edo langileentzat eta 14 eta 29 urte arteko gazteentzat). Lehen kontaktua izan nahi dutenentzat, eskolak doakoak izango dira urrian, eta ikastaro osorako matrikula horren ondotik egin ahal izango dute. Matrikula www.aikotaldea.eus webgunean edo 634 423 539 telefonora deituz egin daiteke.

Erromeria, urriaren 8an

Ikastaro berriaren aurkezpen gisa, AIKO Taldeko musikariek eta dantza maisuek erromeria herrikoia eskainiko dute larunbatean, urriaren 8an, eguerdiko 12:00etan, Lea Artibai Ikastetxean bertan, sarrerako plazan, eta Landa Garapenerako Elkarteak antolatzen duen Urriko Azokaren programazioaren barruan. Oso hitzordu berezia izango da AIKOko kideentzat, euren erromerietan beti ahalegintzen direlako antzinako jaien zaporea berreskuratzen, eta hori nagusi izango delako zapatuan Markina-Xemein beteko duen giroan, azoka egun tradizional horretaz gozatzera etorriko diren herritarrei eta bisitariei esker.

Markina-Xemeinez aparte, Dantzaldi Ibiltaria Bilbon (Bizkaia Aretoa, UPV/EHUren paraninfoa), Donostian (Victoria Eugenia Antzokia), Durangon (Plateruena Kafe Antzokia), Galdakaon (Urretako Eskola), Gernikan (San Fidel Ikastola) eta Berastegin (Udaletxea) egingo da.

Hamar urteko ibilbidea

Aurtengo urtea AIKO Taldearen 10. urteurren ospakizunek markatu dute. Taldearen ezaugarri berezia, dantza tradizionala erakusteko, ikasteko, baloratzeko eta gozatzeko estilo berria da. Hamarkada honetan, 4.000 pertsona inguruk parte hartu dute taldeak Bizkaian, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Iparraldean antolatu dituen ehunka ikastaro, tailer, erromeria eta emanalditan. Horrez gain, 2016. urtean azpimarragarria da bi proiektu handi ekoiztu direla: ‘Jotamentala’, Euskal Herriko hainbat aretotan ikusi ahal izan den dokumentalaren estreinaldia; eta AIKO Taldeko musikariak eta dantza maisuak Euskal Herriko Musika Banda hoberenekin elkartzen dituen ikuskizun berria. 

Dantza ikastaro berria, Lea Artibai ikastetxean

Dokumentuaren akzioak