Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza hirian, Hiria dantzan

Dokumentuaren akzioak

Dantza hirian, Hiria dantzan

Euskal herriko zein atzerriko hainbat konpainiak beren azken obrak emango dituzte Lekuz Leku dantza jaialdian. Pieza horietan oinarrituta eginiko bideoekin, lehiaketa izango da uda amaieran

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2005/06/22

Luque Tangua antolatzaileak azaldu duenez, dantza eta arkitektura uztartzea ez ezik, Lekuz Leku jaialdiak badu beste helburu bat: «Festibalak koreografo gazteen lana sustatu nahi du, jendearen artean ezagutzera eman nahi ditu haien lanak, eta hartarako kalera aterako ditu sortzaile horien azken obrak». Jendeak, beraz, dantzariekin egingo du topo. Bat-batean, ustekabean. Haatik, Tanguak argitu duenez, «asmoa ez da kalean tentsioa sortzea, baizik jendeari dantzarekin gozatzeko aukera ematea, hiria dantzan jartzea». Helena Golab dantzari poloniarrak eta Iñigo Iraultza bilbotarrak Dantza jolastu umeentzako mintegia emango dute Guggenheim museoaren aldameneko jolas parkean. Jaialdiak irauten duen hiru egunetan ariko dira han, 19:00etatik aurrera. Ordu horretatik aurrera hainbat dantza obra ikusi ahalko dira Abandoibarra pasealekuaren luze-zabalean, ekainaren 30ean eta uztailaren hasierako bi egunetan. Eider Rodriguez getxoztarrak, berriz, Euskalduna jauregiaren ondoko Nora ezean eskulturaren inguruan emango du Ciclos obra. Han, eskultura bihurtu arte materiak jasan duen eraldaketa prozesua antzeztuko du, gorputzaren bidez. Euskal koreografoen artean, Matxalen Bilbaok Capricho eskainiko du; Atxarte Lopez de Munainek, Hizki mutua; Natalia Mongek, ES3IN; Maria Ibarretxek, Txatxorra´s cube, eta Asier Zabaletak, Babia. Blanca Arrietak bi pieza erakutsiko ditu: Memoria eta Zero. Eta Gasteizko Ikutu konpainiak Arrast lana aurkeztuko du. Berlingo (Alemania) Juschka Weigelek Life is too short to dance with an ugly man ekarriko du Abandoibarrara. Paristik (Frantzia), berriz, Johan Amselem eta Sylvie Cave iritsiko dira El F&F show: Grecia lanarekin, eta Sevillatik (Espainia) La Espiral konpainia, Sobre el peso de la luz obrarekin. Hip-hop musikak gero eta jarraitzaile gehiago ditu geurean; hala, Lekuz Leku jaialdian parte hartuko duten lau konpainietako dantzariek musika horren erritmora dantzatuko dute. Brasilgo Membrosek Meio-Fio emango du, eta Bartzelonako (Kalalunya) Addictosek, Klonk. Horretaz gainera, hurrenez hurren, Donostiako eta Gasteizko Smoke Screen eta Flauvour Skuads dantza konpainiek izenburu bako pieza bana eskainiko dute. Nazioarteko dantza jaialdien sarearen barruan dago Lekuz Leku jaialdi sortu berria. Europako eta Hego Amerikako 17 jaialdik osatzen dute sare hori. Baina Bilboko festibalak proiektua osatzen duten gainerako ekimenen gainetik nabarmendu nahi du hasieratik. Hori horrela, jaialdian erakusten diren obren gaineko bideo lanen lehiaketa ere antolatu du Fundicion aretoak. Hots, bideoek Abandoibarran emandako piezen ingurukoak izan beharko dute. Marian Gerrikabeitia antolatzaileak adierazi duenez, oinarrizko sormen lanetik, alegia, dantza piezatik, haratago joan behar du bideoaren egileak. «Beste egile batzuek sortu duten obran barruratzean datza, eta bertan jasotako materialarekin beren obra propioa egitea». Lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea hilaren 25ean bukatuko da. Oraingoz, 113 lagunek eman dute izena; leku askotakoak: besteak beste, Italia, Portugal, Espainia eta Suitzakoak. Lehiaketak 3.600 euro banatuko ditu sarietan: lehena (2.000 euro), bigarrena (1.000 euro) eta hirugarrena (600 euro). Epaimahaia, berriz, ikus-entzunezko sektoreko ondoko pertsonek osatuko dute: Montxo Algora Art Futura jaialdiko zuzendaria, Gabriel Villota EHUko ikus-entzunezkoen fakultateko irakaslea eta Rocio Gracia eta Chus Martinez arte erakusketen komisarioak.











Egitaraua



ekainak 30, osteguna



Helena Golab eta Iñigo Iraultza: Dantza jolastu.



Eider Rodriguez: Ciclos.



Matxalen Bilbao: Capricho.



Juschka Weigel: Life is too short to dance with an ungly man.



Johan Anselem-Sylvie Cave: El F&F show: Grecia.



Membros konpainia: Meio-fio .



UZTAILAK 1, ostIRALA



Helena Golab eta Iñigo Iraultza: Dantza jolastu.



Ikutu konpainia: Arrast.



Ertza-Asier Zabaleta: Babia.



Smoke Screen-Flavour Skuads: hip-hop emanaldia.



Blanca Arrieta: Memoria.



La Espiral konpainia: Sobre el peso de la luz.



UZTAILAK 2, LARUNBATA



Helena Golab eta Iñigo Iraultza: Dantza jolastu.



Atxarte Lopez de Munain: Hizki mutua.



Blanca Arrieta: Zero.



Natalia Monge: ES3IN.



Maria Ibarretxe: Txatxorra´s cube.



Addictos konpainia: Klonk.

Dokumentuaren akzioak