Dokumentuaren akzioak
Dantza Hirian, ekitaldi ugarirekin
Igandean izango da herrian bigarren aldiz
Iazko "esperientzia polita" errepikatu nahi izan dute herrian. Jon Maya
Kukaiko kideak adierazi duenez, bi aldeak (Kukai eta Errenteriako Udala)
pozik geratu ziren.
Celine Petrissans Dantza Hirianeko Komunikazio arduradunak azaldu
duenez, hiri paisaietako dantzan dago zentratuta jaialdi hori, eta
horrez gain, jendearengana hurbildu nahi dute dantza garaikidea.
Petrissansen arabera, herriko lau toki aukeratu dituzte dantza
ikuskizunak egiteko, eta modu horretara dantza eta arkitekturaren arteko
harremana bilatzeko: Herriko Enparantza, Zumardia, Foru Plaza eta
Xabier Olaskoaga plaza.
Lau dantza konpainia, lau tokitan
Horietan lau dantza konpainiek hartuko dute parte: Errenteria-Oreretako
Kukaik, Manchesterko (Erresuma Batua) Chamaleon (master classa ere
emango du), Bilboko Organik eta Bartzelonako De Reves.
Lau dantza konpainia horiek estilo anitzak eta eklektikoak eskainiko
dituztela adierazi du Petrissansek. Ikuskizunak 15-20 minutukoak izango
dira, "jendea ez aspertzeko"
Gaineratu du ez dela soilik dantza jaialdi bat izango. Izan ere,
ostiralean Kukai Dantza Konpainiak 4-11 urte arteko eskola umeentzako
ikuskizuna emango du. Modu horretara, dantza garaikidea ezagutaraztea da
euren asmoa. Nabarmendu du eurentzako oso garrantzitsua dela hori.
Bestetik, master classa izango da igandean bertan. Manchesterko
Chamaleon konpainiak emango du, eta irekia izango da. Dantzan
esperientziaren bat daukan jendeari zuzenduta dago. Dohainik izango den
arren, Dantza Hirianekin harremanetan jartzea komeni da aurretik, izena
emateko. Ildo horretatik, ekitaldi guztiak dohainik izango direla
nabarmendu dute antolatzaileek.
Dokumentuaren akzioak