Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza Hirian jaialdi ibiltariak koreografia garaikideko obrak kalera eramango ditu

Dokumentuaren akzioak

Dantza Hirian jaialdi ibiltariak koreografia garaikideko obrak kalera eramango ditu

Donostia, Irun, Hendaia eta Baionan askotariko ikuskizunak izango dira aste honetan eta hurrenean

Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2007/09/11

Asier Zabaleta donostiarraren Ertza Dantza konpainiak hasiko du egitaraua, ostiral eguerdian. Egun, horretan, hiriko hainbat gunetan -Bulevarrean, San Martin eta Bretxa saltoki guneetako inguruetan eta Koldo Mitxelenako sarreran- beste hainbat ikuskizun emango dituzte, tartean Apsara Tribal Sarong Kanputxeako taldearena, Hotel Eden Austriako Cafe Mutena eta In The Circle The Circle of Trust Zaragozakoarena.

Hurrengo egunean, Irungo kaleek egingo diete lekua dantza ikuskizunei. Arratsaldeko 18:00etan hasita, Tribal Sarong eta Cafe Mut taldeen ekarpenez gain, Asciach eta Lestrille Bordelekoen Tête à tête ikusi ahal izango da Ensantxeko plazan.

BAIONAKO JARDUN BETEA. Datorren astean, Hendaiako eta Baionako kaleek hartuko dute Dantza Hirian jaialdia. Irailaren 21ean, ostiralean, Colocrai eta Albuerne Bartzelonako taldeek Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekuan ariko dira, 15:00etan hasita. Hendaian ikuskizun bakarra izango da: Gira, ikastolako haurrentzako emanaldia bera.

Hurrengo egunean Baionak jardun betea izango du. Goizeko 11:00etan, Gazteluen Portua plazan Asciach eta Lestrilleren Tête à tête ikuskizuna izango da. Horren ondoren, Eneko Alkaraz hondarribiarrak Gozari goxo lana emango du Merkatuaren inguruetan. Arratsaldean, berriz, Tête à tête, Gira eta Gozari goxo emango dituzte, 16:00etan hasita. Horiez gain, Matxalen Bilbao bilbotarrak Haiku 4 eramango du Espainia kalera, 17:00etan. Lan hori antzokietarako sortutakoa da, baina egileak kalerako egokitzapena egin du. Baionako azken ikuskizuna In The Circle izango da, Lakarre plazan, 18:00etan.

Iaz hasi ziren egiten Dantza Hirian jaialdia, eta «Euskal Eurohiria» agertoki hartzen duen ekimenaren bigarren urte honetan ikuskizunen kopuruak gora egin du. «Koreografo eta artistei oro har euren sormen lanak erakusteko leku desberdina eskaintzen die» jaialdiak. Talde eta koreografoen lanak askotarikoak izango dira, dantza ludikoa, umoretsua, antzerki ildokoak, hip-hopa, lan inprobisatuak, akrobatikoak...

Kale ikuskizunen programazioarekin batera, bideo proiekzioak emango dituzte Donostiako Fnac saltokian (bihar, etzi eta etzidamu) eta Baionako liburutegian (hilaren 17an eta 22an). Hainbat herritako dantza jaialdi independenteen inguruko erreportaien proiekzioak izango dira.

Dokumentuaren akzioak