Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza, herrien artean harremanak sendotzeko zubi

Dokumentuaren akzioak

Dantza, herrien artean harremanak sendotzeko zubi

Egilea
Josune Zarandona
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Idiazabal
Mota
Albistea
Data
2023/12/19
Lotura
Goierriko Hitza
Axari dantza taldearen dantza emankizunetako bat, Idiazabalen. //Argazkia: Axari
Axari dantza taldeak antolatuta herri arteko dantza topaketa egingo dute ostiral honetan, Idiazabalen. Lazkaoko Oin Arin eta Ibarrako Alurr dantza taldeak gonbidatu dituzte aurten, hirugarren edizioa izango den honetara. Guztien artean 112 dantzari batuko dituzte.

Maite Garmendia Axari dantza taldeko kideak esan duenez, dantza herritarrei gerturatzea du helburu herri arteko topaketak: «dantzak mugi dezakeen guztia plazaratzea», alegia. Herrien arteko harremanak bultzatu eta sendotzeko aitzakia ere bada, baita «dantza berriak dantzatzekoa» ere.

Koreografia modernoak

Dantza jaialdia 19:30ean hasiko da Igarondo pilotalekuan eta herriko taldeak izango du jaialdia irekitzeko ardura. Axariren maila ezberdinetako hiru dantza taldek hartuko dute parte bertan.

Gainontzean, emanaldiak «egitura arrunta» izango duela aurreratu du Garmendiak. «Idiazabalgo dantzarien atzetik Lazkaoko eta Ibarrako dantzarien txanda izango da». Ekitaldia borobiltzeko idiazabaldarrek dantza egingo dute berriz eta jaialdiari amaiera emateko «hiru herrietako dantzariek elkarrekin agurra» dantzatuko dute.

Koreografia «modernoetan» oinarritu du Axarik ostiral honetarako prestatu duen ikuskizuna. Tartean, txalaparta doinuak oinarri dituen Oreka TX taldearen musikarekin batzuk, besteak beste. Topaketa Gabonetako egitarauaren baitan kokatu dute.

Dokumentuaren akzioak