Iruñeko DanZ jaialdian dantza garaikidea da muina, eta bere inguruko sentsibilizazio, inklusio, bitartekaritza, erakustaldi, topaketa eta gogoeta egiteko tokia da. Hil osoan zehar hainbat ikuskizun antolatu dira diziplina horren harira.
Gaur berton, hilak 9, abiatuko da ekimena Marcat Dance (Mario Bermúdez & Catherine Coury) taldearen Afines piezarekin. Afines lanak zentzumenezko bidaia iradokitzaile bat egitera gonbidatu nahi du ikuslea, bi gorputz mugimenduaren bidezko barne solasaldi batean murgiltzean. “Elkarlanean egindako bide luzeak inspiraturik, bi dantzariek gizakiaren dualtasuna dute aztergai, agerian utzirik loturaren edertasuna eta norbanakotasunaren konplexutasuna, non arriskua eta espazioaren azterketak funtsezko eginkizuna betetzen baitute ikuskizunaren narratiba emozionalean”.
Dantza azaldua ere izango da, eta horretako, aurtengo DanZ ediziorako topaketa antolatu da Myriam Pérez Cazabon artistarekin eta hark ondutako Entzuten nauzu? lanarekin. Artistak dantza erakustaldiz beteriko ekitaldi hibrido bat erakutsiko du, azalpenekin eta solasaldiekin batera, bere sormen-prozesua ezagutzeko, haren kezkatan arakatzeko eta haren unibertso artistikoan barneratzeko. Hitzordu hori urtarrilaren 22an izango da.
Lantegiak ez dira faltako, eta Iruditeria Posibleak lantegietan, “gorputza espazio mugagabea dela, eta denborak, espazioak eta mugimenduak aukerez beteko gaituztela gure gorputzak adierazpen-tresna gisa ulertzeko” landuko da. Lantegiko hiru saioetan parte hartu duen jendearen esperientziak erakusteko gunea ere izango da.
Egunez eguneko programazioa hemen kontsultatu ahal duzue.