Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza garaikidearen txokoa Antzerki Feriaren barruan

Dokumentuaren akzioak

Dantza garaikidearen txokoa Antzerki Feriaren barruan

Idoia Zabaleta, Blanca Arrieta eta Asier Zabaleta Donostian eta Miarritzen ariko dira aste honetan

Egilea
Xabier Martin
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2006/07/11

Aurten, gainera, Miarritzeko Maitaldia dantza jaialdiaren barruan ere ikusi ahal izango dira egitarauko hiru ikuskizunak, Filipa Francisco eta Idoia Zabaletaren Dueto (gaur Donostian eta ostiralean Miarritzen), Blanca Arrieta eta John Scotten Efecto Mariposa eta Silvery Snot (bihar Donostian eta etzi Miarritzen) eta Asier Zabaletaren Look (etzi Donostian eta larunbatean Miarritzen).

Bestalde, Dantzarako Plataformako egitarautik kanpo, baina Antzerki Feriaren barruan ere, Aukeran Dantza konpainiak Bideak bere ikuskizun berria aurkeztuko du etzi, Kursaalean.

DANTZA GARAIKIDEA, «EZEZAGUNA». «Oraindik herri honetan nahiko ezezaguna da dantza garaikidea, eta horregatik ekimen hauek oso garrantzitsuak dira gure lana ezagutarazteko». Asier Zabaleta dantzari eta koreografoak halaxe uste du. Zabaletak Look taularatuko du, Pilar Andres eta Helena Golabekin batera. «Itxurakeriaz dihardu obrak, irudiari ematen zaion garrantziaz. Irudiak gure bizitza nola baldintzatzen duen adierazten du, gure zoriontasuna ere baldintzatzera irits daiteke eta». Antzerkia, dantza eta bideoa nahasten ditu Look-ek, erritmo biziz eta ironiaz eraikitako koreografiak.

«Urte askotan lanean gabiltzanoi argia ematea da Dantzarako Plataforma ekimena, eta dantza garaikidean ari garenak alternatiboak izateari uzteko beharrezkoa, gainera». Dantza garaikidea «normaltasun osoz» programatzea eskatzen du Idoia Zabaletak. Dueto taularatuko du Zabaletak Filipa Franciscorekin batera. Bien arteko eskutitz bidezko 11 hilabeteko harremana taularako egokitu dute. Lisboako eta Euskal Herriko koreografoen arteko elkarlana da hortaz Dueto.

Dantza garaikideko euskal koreografoen azken proposamenak ikusteko aukera emango du finean Dantzarako Plataformak.

Dokumentuaren akzioak