Iratxe Ansak Igor Bacovichekin batera zuzentzen duen konpainiak, Metamorphosis Dancek, Errenteriako Sorlekua auditorioan, Al desnudo obra eskainiko du bi saiotan: lehena hilaren 29an, eta bigarrena 30ean. Larunbatean, 13:00ean, omenaldia jasoko du Iratxe Ansak, Errenteriako osoko bilkuren aretoan. Dantzaren XVII. Zirkuitua Beasainen eta Zumaian ere izango da, Aukeran konpainiaren Maurizia Naz eta Biz(H)itza koreografiekin, ostegunean eta ostiralean.
Dantza garaikideko ikuskizuna da Al Desnudo, eta bikotearen sorkuntza-tresnetara hurbiltzen da Danilo Moroni artista bisualaren lankidetzaz. “Biluzte artistikoa da, non Metamorphosis Danceren hizkuntza koreografikoaren zer-nolakoak irakur baitaitezke. Horretarako, mugimendu-intentsitate desberdinetan dabil pieza, eta intentsitate desberdinok agertuz doaz pixkanaka interpreteen gorputzean”.
Aukeran dantza konpainia Donostian sortu zen Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoaren ekimenez. Bereak dira Maurizia Naz eta Biz(H)itza koreografiak. Lehengoan emakumeak egungo gizartean betetzen duen egitekoa omendu nahi izan du Edu Muruamendiaraz koreografoak, Maurizia Aldaiturriaga pandero-jotzaile bizkaitarraren figuraren bidez.
Biz(H)Itza piezak munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du dantzaren bidez. Xabi Paya kulturgileak gidoia idatzi eta Aukeran taldeak koreografiak sortu ditu.