Dokumentuaren akzioak
Dantza garaikideak ere bere txokoa izango du
Guztira hiru izango dira dantza garaikideko emanaldiak: martxoaren 10ean Gasteizen, martxoaren 16an Zizur Nagusian eta apirilaren 4an Bilbon, azken emanaldi honen antolaketa oraindik guztiz biribildu gabe badago ere.
Larunbat honetan bertan Gasteizko Hegoalde zentroan egingo den emanaldian Ikutu eta Mo@ré taldeek hartuko dute parte. Biek dantza garaikidea egiten dute eta, gainera, oso dantza garaikide aurreratua. Ikutu ez da Hegoalde zentroko aretoan arituko, atarian baizik, talde honen berezitasunetako bat kaleko dantza baita. Bere jardunean ikus-entzunezko baliabideak erabiltzen ditu. Barruan arituko den Mo@rék, berriz, bat-batekotasuna du ezaugarri. Bere ikuskizuna biribiltzeko musika elektronikoaz baliatuko da. Ikutu eta Mo@ré taldeen emanaldi hau etzi izango da, iluntzeko 8.30ean.
Martxoaren 16ko emanaldia, berriz, Zizur Nagusiko Kultur Etxean izango da, gaueko 10.00etatik aurrera. Bertan Tempomobile eta Eletiope konpainiak arituko dira. Tempomobile Becky Siegelek zuzentzen du. Siegel punta-puntako dantzariekin aritua da bere jaioterrian, Estatu Batuetan. Orain dela zortzi bat urte Iruñean finkatu zen eta harrez geroztik bere lanak ezinbesteko erreferente bihurtu dira Euskal Herriko dantza garaikidearen panoraman.
Tempomobil konpainiaren ikuskizunak Mikel Errazkinen zuzeneko musika izango du lagun.
Eletiopek, berriz, Eguzki Zubia du buru. Konpainia honen ikuskizunean dantza eta antzerkia uztartzen dituztela ikusi ahal izango da.
Korrika Kulturalaren barruan programatutako dantza garaikideko hirugarren emanaldia seguru asko apirilaren 4an egingo da, Bilboko La Fundición aretoan. Hala ere, antolatzaileek nahiago izan dute momentuz honi buruzko xehetasunik ez eman, izan ere, egitaraua oraindik guztiz biribildu gabe dago.
Dokumentuaren akzioak