Dokumentuaren akzioak
Dantza garaikidea izango da egun hauetan, antzerki azokan
Dantza garaikideko hiru lan aurkeztuko dira Dantzaren III. Plataformaren baitan
Jose Antonio Arbelaiz Gasteizko Gobernuko kultura sortze eta zabalkunderako zuzendariaren ustez, Donostiako Antzerki Azoka da azalpena egiteko "leku egokiena". Izan ere, azokara programatzaile ugari bertaratzen baitira.
Matxalen Bilbaoren "Mutis" lana gaur eguerdiko hamabietan aurkeztuko da Kursaalen. Lan horretan Izaskun Santamaria eta Blanca Arrieta arituko dira, eta espazioa izango da ardatza. Egileak espazioa lantzen eta espazio berriak irudikatzen saiatuko dira. Horretarako, dantza eta bideo proiekzioak uztartuko dituzte. Damian Muñozen "Tres tristes sripteases" lana bihar erakutsiko dute Egiako kultur etxean. Tristura da lan horren gaia, barnerantz begiratzearen eta nork bere burua erausten hastearen tristuraz dihardu, hain zuzen ere.
Organik dantza taldearen lana: "Tu o yo" ostiralean taularatuko da. Bi dantzarik eta aktore batek hartuko dute parte dantza ikuskizun horretan. Bertan, presioaren pean gaudenean ditugun erreakzionatzeko moduak irudikatuko dituzte, ongiaren eta gaizkiaren arteko lehia, hain zuzen ere. "Tu o yo" obraren zuzendariak, Natalia Monjek, dantza garaikidearen arrakasta apala aipatu nahi izan zuen. Horretan bat etorri ziren Monje eta Matxalen Bilbao. Donostiar guztiei beren obrak ikustera etortzeko gonbita egin zieten.
Dokumentuaren akzioak