Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza garaikidea ekarriko du Iruñeko DanZ jaialdiak

Dokumentuaren akzioak

Dantza garaikidea ekarriko du Iruñeko DanZ jaialdiak

Ikuskizunak, zineforuma, eta lantegiak izango dira egitarauaren barruan.
Egilea
Maitane Legarreta
Komunikabidea
Gaztezulo
Mota
Albistea
Data
2023/01/16
Lotura
Gaztezulo

Dantza garaikidea ekarriko du Iruñeko DanZ jaialdiak

Bihartik hilaren 31ra bitarte Iruñeko Udalak antolatzen duen DanZ. Dantza espazioa dantza garaikideko jaialdiaren 14. edizioa egingo da Iturramako Civivoxean. Bertako zein nazioarteko artista eta konpainiek hartuko dute parte. Orotariko jarduerak izango dira, hala nola topaketa, zineforuma, lantegiak eta ikuskizunak.

Lantegi-sorta bat egingo dute urtarrilaren 17an, 24an eta 31n, Erritmoa, errepikapena eta espazioa izenburupean, Laura G. Latasa, Maddi Gaztelumendi eta Iñigo Erementeria Dantzaz programako kideekin. Dantza eta arte eszenikoak irisgarritasunaren aliatu gisa topaketa ere antolatu dute etzi, hilaren 18an, eta Becky Siegel koreografoak, M. Pilar Lopez Teatro Paraiso Antzerkiko kideak, Marta Monfort Gasteizko Antzokien Sareko kideak eta Txori Garcia Uriz aktoreak parte hartuko dute bertan. Bertha Bermudez arituko da moderatzaile-lanetan.

Urtarrilaren 19an, Atena fundazioaren Sustraiak ikuskizuna izango da. Patxi Araujoren bideo-proiekzioak, Gotzon Garciaren txalaparta eta Joaquin Maya Musika Eskolako txistuen interpretazioa daude ikuskizunaren baitan eta, agertoki gainean, desgaitasuna duten eta ez duten 17 dantzari arituko dira. Dantza garaikidea baliatuko dute Nafarroako folklorea berreskuratzeko. 

Urtarrilaren 23an, Cabanas – Casa Museu Cal Gerrer fundazioaren Temps de llum film laburraren proiektatuko da eta zineforuma egingo dute ondoren. Ainoa Soler dantzariak parte hartuko du. Urtarrilaren 26an, berriz, Nire txokotik helduentzako ikuskizun didaktikoa eskainiko dute. Jon Maya dantzaria arituko da, Arkaitz Miner biolinistaren zuzeneko musikaz lagunduta. Ondoren, ekitaldira bertaratutako pertsonek artistekin elkartzeko aukera izango dute.

Bestalde, urtarrilaren 28an, bi eta lau urte bitarteko haurrentzako dantza eta objektuen ikuskizunaren bi saio izango dira, 10:30ean eta 12:30ean. Mr. Mutt-en lanbasa ikuskizunak iaz haur txikienei dantza hurbiltzeko ikuskizun onenaren Feten saria jaso zuen. Marc Lacourt koreografo eta dantzariak objektuak dantzan jartzen ditu eta ikus-entzuleei artearen historiaren arrastoa jarraitzeko gonbita egiten die.

 

Dokumentuaren akzioak