Dokumentuaren akzioak
'Dantza' filmeko erakusketa, talde teknikoaren bisita gidatuarekin
Dolare baserria 2014an bihurtu zen, lehenengoz, grabaketarako agertoki. Telmo Esnalen 'Dantza' filma nola grabatu zuten erakusteko, 'Igartubeiti dantzan!' erakusketa antolatu dute Igartubeiti baserri museoan. Irailaren 29a bitarte dago ikusgai. Gainera, filmeko talde teknikoaren bisita gidatua izango da irailaren 7an, 12:00etan eta filmaren emanaldia, irailaren 28ko, 17:30ean.
Erakusketak Igartubeitiren erritmoa zinemara, Telmo Esnal zuzendariaren Dantza filmera, nola eraman zen azaltzen du. Horretarako, filmaren lan taldearekin lankidetza estua izan da: Txintxua films ekoiztetxea, Xabier Artola argazkilaria eta Koldobika Jauregi, ekoizpen diseinatzailea.
Erakusketa honek, errodajearen argazkien bitartez, filmerako diseinatu zituzten jantziak erakusten ditu. Baita ere, filma eta museoa gizakiaren eta naturaren munduen arteko bilketa gune direla azaltzen duen bideoa. Hau da, Igartubeitiko eszenak osatzen duten xehetasun bakoitzaren atzealdea erakutsiko dute.
Erakusketa baserrian eta interpretazio zentroan kokatzen da. Interpretazio zentroan dauden panelen bitartez, filmari buruzko informazioa eta honen sorrera azaltzen da. Erakusketa baserrian jarraitzen du bertan estrategikoki argiztatutako atrilak kokatu dira, bisitariak baserriaren errealitatea filmeko fikziozko irudiekin erlazionatzeko.
Irailera arte, asteartetik larunbatera (10:00-14:00 eta 16:00-19:00) eta igandez (10:00-14:00) ikusi daiteke erakusketa. Erreserbak online edo 943 72 29 78 telefono zenbakian egin behar dira.
Dokumentuaren akzioak