Dokumentuaren akzioak
Dantza, Euskal Arte Nazionala
Ez dut nik esango dantza Euskal Arte Nazionala ez denik, baina, izatekotan, azpimarratu beharko euskal emakumeen gustuko Arte Nazionala baino ez dela, hamarretik bederatzi (edo gehiago) andrazkoak baitziren atzo Donostiako Victoria Eugenia antzokia bete zuten ikusentzuleak.
Eraz eta moldez, begiz eta belarriz, sekulako ikuskizun atsegin eta artistikoa hamarren bat taldek eta berrogeitaka dantzarik eskaini ziguten programa anitza, hainbat dantza-tankeraz, alegia: neoklasikoa, garaikidea, neotradizionala, klakea zein estilizatua.
Besteak beste, kanpoko talderik eta dantzaririk ere bazen arren, erdiak inguru behintzat euskal jatorrikoak zirenez gero, programak frogatu zigun euskal dantzaren goi-maila, dantzarien ukaezinezko trebetasunaz ez ezik, baita sorkuntza, irakaskuntza eta koreografiaren aldeko herronkaz ere.
Ezer nabarmentzekotan, aipagarri Iker Karrera berak burutu berri duen Not Pleasure delakoaren aurkezpen laburra, non Belén Lerroux, Raymond Naval, Pablo Costas eta César Louzán dantzariek, hitzez nekez azaldu daitekeen eragin zirraragarria suspertarazteko gai izan ziren taula gainean.
Hain zuzen ere, taula gaineko ekitaldien arrakasta xehetasun txikerretan sumatzen omen da, aurkezletzan, esaterako. Are gehiago Euskal Herrian, non benetan ez den batere ohikoa euskaraz zein erdaraz etenik gabe eta naturaltasunez funtzioa betetzea. Atzo, ordea, Luisma Laboak gogotik eta maisuki bete zuen eginkizuna. Zorionak.
*DANTZAK. Juan Antonio Urbeltz. Jakin, 1978
**Pirmin Treku, dantzari baten ibilaldiak. Argia. Oier Araolaza
***Fermin Aldabaldetreku. Auñamendi.
Dokumentuaren akzioak