Dokumentuaren akzioak
Dantza eta kaskarotak asteburuan
Hartzaro jaialdiaren harira, hainbat ekitaldi egingo dituzte; asteartea izango da egun handia
Bihar Mizel Theret koreografo eta dantzariaren Dorrea
ikusgarria izango da Kiroleta ezker paretan, 21:00etan. Larunbat gauean
ere dantza ikusgarriak izango dira nagusi. Bi ikuskizun eskainiko
dituzte Kiroletan, 21:00etatik aurrera. Lehenik, Hartzarorentzat
Donostiako Aukeran konpainiak sortutako ikusgarria izango da. Eta
ondoren, Mutur zikin, Bihotz Bero. Olentzeroren mitoari
loturik, Beñat Amorenak eta Mizel Theretek sortutako ikuskizuna da.
Azken horretan, Burrunka taldeak eta dantzariak agertuko dira.
Igandean, ekitaldiak goizetik hasiko dira. Kaskarotek eta
txarangak alaituko dute Purgo auzoa, 09:00etatik aurrera. 10:00etan,
berriz, gastronomiaren txanda izango da, Txilindron lehiaketa egingo
dute; bertsolariak ere lagun izango dituzte, eta Hiru Karakoilak
taldearekin animazioa izango da. Bazkaria egingo dute ondoren. Eta
arratsaldean, mutxikoekin eta erromeriarekin bukatuko dute eguna.
Asteartean ospatuko dute Uztaritzeko inauteria. 18:00etatik gauerditra
izango da jaialdiko momenturik nagusia: 250 lagunek parte hartuko dute:
musikariak, dantzariak... 18:00etan hasiko da zanpantzarraren auzia.
Urteko gertakari nagusiak aurkeztuko dituzte, eta ondoren, hartzaren
iratzartzea eta abereen dantza egingo dute.
HARTZARO JAIALDIA
Non. Uztaritzen (Lapurdi).
Noiz. Bihartik asteartera bitarte.
Dokumentuaren akzioak