Dokumentuaren akzioak
Dantza eszenikoa sortu zuena
Ballet klasikoa eta dantza tradizionala uztartu zituen lehena izan zen. Nahasketa horretatik jaio zen dantza eszenikoa. Haren sortzailetzat jotzen dute Igor Moisejev. Koreografoa 101 urterekin hil da, jaioterrian.
Errusiako Iraultzaren aurretik jaio zen, harekin egin zuen bere ibilbide gehiena, eta hark ekarritako sistema soziopolitikoa desagertu ondoren hil da. Igor Moisejev Herriaren Artista izendatu zuten Stallinen garaian, 1953an. Sobiet Batasuneko Herri Dantzen Akademiako zuzendari izan zen komunismoa puri-purian zela.
Gazterik hasi zen dantzaren alorrean. Gorputzaren mugimenduak erakarri egiten zuen, eta 1924an Moskuko koreografia institutuan eman zuen izena. II. Mundu Gerra hasita zegoenean, Bolshoi antzoki ezaguneko konpainiako solista zen. 1937rako Errusiako egile garrantzitsuena zen dantzaren atalean. Urte hartan Sobiet Batasuneko Herri Dantzen Akademia fundatu zuen, eta Moisejev Balleta esaten hasi zitzaizkion akademiari luze gabe.
II. Mundu Gerra amaitzean, Altzairuzko Oihalak ez zion askorik eragin, bere balleta mundu osoan zehar ibili baitzen. Herri dantza ballet klasikoaren mailara eramatea izan zuen xede, eta, askoren irudiko, lortu zuen.Dokumentuaren akzioak