Dokumentuaren akzioak
Dantza eskolaren urte osoko lana erakutsiko dute Alurr Egunean
Bada, dantza eskolak urte osoan egiten duten lana erakutsi ohi dute egun honetan. Aurtengoa «indartsua» izango dela iragarri dute. 10:30ean elkartuko dira denak Idoiaga plazan, eta herriko plazaraino kalejiran joango dira, herria alaituz. Hamaiketakoa herriko plazan bertan egingo dute, eta 12:00etan, Alurr Dantza Eskolako haurrek Euskal Herri osoko dantzen erakustaldia egingo dute. 4 urtetik 12 urtera arteko haurrek parte hartuko dute saio horretan, eta bazkaldu aurretik erromeria bat ere egingo dute plazan.
Arratsaldean, berriz, 18:00etan, bilduko dira berriro, eta 12 urtetik gorakoek emanaldia eskainiko dute plazan. Saioaz gozatzeko aulkiak ere jarriko dituzte. Hainbat ikuskizunetako dantzak eta koreografiak eskainiko dituzte, baita Alurr taldearen azkeneko ikuskizunetakoak ere. Ondoren afaria izango da plazan bertan. Ai Ene ! taldeak alaituko du gaua, gauerdira arte.
Alurr dantza taldetik herritar guztiak gonbidatu dituzte Alurr Egunera, eta goizetik jantzi tradizionalak jantzita parte hartzera animatu dituzte: «Erromeria egun bat izango da, Euskal Herriaren egun bat, eta primeran igaroko dugu», azaldu dute. Era berean, azaldu dutenez, eguraldi txarra egingo balu, emanaldiak kiroldegian egingo lirateke.
Bestalde, hurrengo asteburuan ospatuko diren Ibarrako Gazte Festetan ere parte hartuko dutela adierazi dute Alurretik. «Ohi den moduan, zerbait desberdina eta berria eskainiko dugu», esan dute. Aurten, Zaldibiako, Altzoko eta Anoetako dantzari gazteek parte hartuko dute, Ibarrako Errota taldeko dantzariekin batera. Ibarrako plazan izango da saioa, hilaren 15ean, 17:00etan.
Dokumentuaren akzioak