Federación de Asociaciones Regionales Andaluzas en Euskadi elkarteak (FARAE) antolatuta, Elkarte Andaluziarren Euskadiko Topaketaren XXXIII. edizioa ospatu da Arrasaten. Errozioaren meza egin ostean, Uarkapera bertaratu dira Arrasatera hurbildu diren 395 ikusleak, bertan egin diren dantza emanaldiez gozatzeko.
Arrasateko Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeak ireki du ekitaldia, taldean eginiko aurresku batekin eta ondoren ordu erdiko emanaldi bat eskaini dute. Ostean, flamenko dantzak hasi dira; lehenengo, herriko sevillana dantza taldeak eskaini du emanaldia, Lourdes Oncala sevillana eskolako dantza taldeak hain zuzen, gero Barakaldoko Sueños de Hijos de Jaen taldea igo da oholtza gainera eta ikuskizunarekin amaitzeko Sestaoko El Olivo Triana dantza taldearen emanaldia izan da.
Goizeko ekitaldiarekin amaitzeko, oholtza gainera igo dira Arrasateko alkate Maider Morras, Andaluziako Gobernuko ordezkari Javier Arroyo, FARAEko presidente Juan Gracia eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari Nekane Zeberio. Ordezkariei ohorezko aurreskua eskaini ostean, hauek hartu dute hitza eta eskerrak eman dizkie gerturatu diren eta parte-hartu duten kultur eragile eta pertsona guztiei.