Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza Eguneko "Amets" ikuskizunaren azken entsegu saio irekia

Dokumentuaren akzioak

Dantza Eguneko "Amets" ikuskizunaren azken entsegu saio irekia

Komunikabidea
Noaua
Tokia
Usurbil
Mota
Albistea
Data
2025/03/28
Lotura
Noaua

Apirilaren 5ean plazaratuko duten herri ikuskizunaren azken entsegu saio irekia antolatu du Orbeldik larunbat honetarako.

Zirrara eta ikusmin handia eragiten du urtero, Orbeldik Dantza Egunean plazaratu ohi duen herri ikuskizunak. Herrikideak diren dantzari, musikari eta antzezleak emanaldi bakar eta berean biltzen dituen sorkuntza egitasmo hau izango da aurtengoan ere, datorren dantza jaialdiko osagai nagusietako bat.

Hilabeteak badira, apirilaren 5ean aurkeztuko diguten ikuskizuna ontzen hasi zirenetik. Aurreko edizioetan egin izan duten moduan, oraingo honetan ere "aperitibo" modukoa eskainiko dute aldez aurretik. Izan ere, azken prestaketa lanetan buru-belarri murgildua dabil asteotan Orbeldi. Azken entsegu saio orokorra deitu dute larunbat honetarako, martxoaren 29rako eguerdiko 12:00etan Agerialden.

Sorkuntza lan honen azken prestaketa lanak zuzenean ikusi nahi dituenak bertara joan besterik ez du izango. Momentuz, aurreratu daitekeena, "Amets" dela aurtengo ikuskizunaren izena. Apirilaren 5ean plazaratuko dute, gaueko 22:00etan frontoian, egun horretan ospatuko den 13. Dantza Egunaren baitan hain zuzen.

Dantza batean
Herria dantzan batera jartzera dator Orbeldi hamahirugarrenez. Apirileko lehen larunbatean izango da aurten, hilaren 5ean. Egun osorako jaialdia iragarri du herriko dantza taldeak; herritarren parte hartze zuzena sustatuko duena. Izan ere, ikusi eta entzun ahalko diren zenbait emanaldi iragarri dituzte; egunari ekiteko, lehenbizi, Dantzari Txiki ekimenaren seigarren edizioko kalejira eta jendaurreko erakustaldia eskainiko dute herriko dantzariek, hitzordura gonbidaturiko Zarauzko Jalgi eta Lezoko Murixka taldeekin batera.

Helduek hartuko dute haien lekukoa gauean, urtero moduan, herri sorkuntzaren erreferentziazko hitzorduarekin. Izan ere, azken hilabeteotan ondutako emanaldia aurkeztuko du Orbeldik; "Amets" izena du, 2025eko edizioan plazaratuko dutenak.

Ikuskizun horren aurretik eta haren ostean, indarra ahitu arte dantzan aritzeko aukera aparta izango da, erromeria giro beteko edizioa prestatu baitu Orbeldik aurtengorako. Hala, arratsaldean, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariak arituko dira dantza giroa pizten Artzabalen. Gauean, Laket taldearekin segi ahalko da erromerian.


Usurbilgo 13. Dantza Eguna
Martxoak 29, larunbata
12:00 "Amets" ikuskizunaren azken entsegu saio irekia Agerialden.

Apirilak 5, larunbata
Goizean, 6. Dantzari Txiki: Jalgi eta Murixka talden gonbidatuekin:
11:30 Haurren kalejira udaletxetik.
13:00 Haurren emanaldia frontoian.

14:30 Herri bazkaria Askatasuna plazan.
17:00 Ostolaza eta Larrañaga trikitilariak Artzabalen.
22:00 "Amets" ikuskizuna frontoian.
Ondoren, Laket erromeria Mikel Laboa plazan.

Antolatzailea: Orbeldi dantza taldea.

 

Dokumentuaren akzioak