Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza Bultzatuz zirkuituak hamazazpi udalerri hartuko ditu

Dokumentuaren akzioak

Dantza Bultzatuz zirkuituak hamazazpi udalerri hartuko ditu

Egilea
Ane Arruti
Komunikabidea
Gara
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2011/03/09
Lotura
Gara

50 dantza emanalditik gora bilduko ditu Dantza Zirkuituaren zazpigarren edizioak. Abendura bitartean, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako antzokietan arituko dira 25 dantza konpainia. Aurten, gainera, bost udalerri berri batu dira Sareak antzoki sare publikoak antolatzen duen programa honetara. Aurretik parte hartzen zuten Gasteiz, Zornotza, Durango, Elorrio, Leioa, Andoain, Arrasate, Bergara, Donostia, Eibar, Irun eta Lasarte-Oriarekin batera, Dulantzi, Barakaldo, Arrigorriaga, Gernika-Lumo eta Tolosarekin hamazazpi izango dira Zirkuituak bisitatuko dituen herriak. Dagoeneko abian da eta urte bukaerara arte iraungo du.

Dantza garaikidea tradizioarekin, hip-hoparekin nahiz antzerkiarekin uztartuta ageri da proposamenen artean. Izan ere, gizartearen esparru ezberdinetara iristea dute helburu antolatzaileek. Organik taldeak, esaterako, bi ikuskizun eskainiko ditu, «Malditas» eta «Maniatic@s», azken hau nerabeei zuzendua. «Dantza guztiz kontzeptualetik urrundu eta publiko mota guztiengana iristeko ahalegina egin dugu», esan zuen atzo Natalia Monjek, Organik taldeko koreografo eta zuzendariak. «Ez dugu ofizio honetako jendea bakarrik etortzea nahi eta, horretarako, umorea erabiltzen dugu. Horrek asko errazten du lan hori», gaineratu zuen. Ostiral honetan Kultur Leioan eskainiko dute «Maniatic@s».

Bestalde, Hego Koreako Jinjo Crew taldea, Break On Stage jaialdian parte hartu ondoren, Elorrion izango da «Translate» lan berria aurkezten. Estilo bertsuan arituko da Eibarren Circle of Trust zaragozar taldea, Logela Multimediaren irudiekin batera euren «Papiro...Flexia» ikuskizuna eskainiko dute Coliseo antzokian.

Oso bestelako dantza izango da adibidez, Argia dantza taldearen «Axuri beltza», edo Kukai eta Aukeran konpainiek aurkeztuko dituztenak, euskal tradizioa eta joera garaikideak uztartuz «Sok(2)» edo «Jai Alai» obrak izango baitira ikusgai.

Nabarmentzekoak dira, halaber, Mikel Urdangarin musikariaren parte hartzea izango duen Traspasos konpainiaren «Nora» lana, Txalap.Art taldearen «Hostoak» eta Ertzak eskainiko dituen hiru ikuskizun: «Ostrukaren zuloa», «Act of God» eta «Zoo».

Beste zenbait talderen artean daude: L´Explose, Kresala, Thomas Noone dance, Dantzaz, Olatz de Andres, Ion Munduate, Colombina´s, Nats Nus...

Data guztiak itxi gabe daude oraindik eta zehaztu ahala horien berri emango dutela esan zuten antolatzaileek.

p042_f01_148x104.jpg

Dokumentuaren akzioak