Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza bizitzen eta sentitzen ikasten

Dokumentuaren akzioak

Dantza bizitzen eta sentitzen ikasten

Dantzabide erresidentzia egin da otsailaren 18tik 22ra Altsasuko BHI-n eta Etxarriko Andra Mari ikastolan. Parte hartu duten ikasleek Dantzaz konpainiako kideekin 'Growing young' ikuskizuna eginen dute bihar, larunbata, 18:00etan, Iortia kultur gunean
Komunikabidea
Guaixe
Mota
Albistea
Data
2019/02/22
Lotura
Guaixe

Dantza garaikidea sentitu, bizi eta hurbildu. Dantzaz Oreretako konpainiako dantzari profesionalek dantza garaikidea sentitu, bizi eta hurbildu nahi izan dute Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutu eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastola ikastetxeetako hainbat ikasleei. Dantzabide erresidentzia egin dute otsailaren 18tik 22ra. Sortutako koreografiak bihar erakutsiko dituzte Growing young ikuskizunean, 19:30ean, Iortia kultur gunean. Guztira, bi ikastetxeetako 140 ikaslek parte hartu dute Nafarroako Antzoki Sareak antolatutako Oholtzara salto programaren ekimenean. 

Dantza bizitzen eta sentitzen ikasten
Ikasleak, profesionalak, alkateak eta ikastetxeetako zuzendariak talde argazkian.
Bi dira Ohotzara salto programaren helburuak. Alde batetik, gazteak arte eszenikoetan murgiltzea, eta, bestetik, ikuslegoari eskaintza hurbiltzea. Programak hainbat egitasmo ekarri ditu Sakanara, Nafarroako Antzoki Sarearen barruan dauden herrietara, hain zuzen. Tartean daude abenduan Olaztiko kultur etxean egin zen Scape Room-a, Irurtzunen gazteei zuzendutako Julieta To Da, genero ikuspegia jorratzen duen antzezlana, martxoan Etxarri Aranatzen egonen dena; eta Altsasuko institututan antzerki tailerra antolatu dute. Gainera, dantza erresidentzia egin dute institututan, eta Andra Mari ikastolan. Bigarren aldia da Sakanako kultura zerbitzuek, Irurtzun, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olazti, bat egiten dutela proiektu komun bat aurrera eramateko. Eta herri hauetako kultur teknikariek azaldu dutenez, "aurrera ere jarraitzea gustatuko litzaiguke". Esperientzia, beraz, aberasgarria izan da.

Mustutzea
Bihar, larunbata, izanen da mustutze "mundiala" Fernando Saez de Ugarte Dantzaz konpainiako zuzendariak azaldu duen bezala. Growing young ikuskizuna eginen dute bihar, larunbata, Iortian, 19:30ean. Ikuskizun "mistoa" izanen da; hortaz, Dantzaz konpainiako dantzariek bi koreografia eginen dituzte, Altsasuko institutuko ikasleek lau eta Andra Mari ikastolako ikasleek bi. Hala ere, Saez de Ugartek esan bezala, "kasu honetan gu, konpainiako dantzariak, teloneroak izanen gara. Protagonismo osoa ikasleek izanen dute".

Dantzari profesionalak
Nazioartean ezaguna da Dantzaz konpainia. Mundu osotik etorritako artistek lan egiten dute sorkuntza koreografikoetan. Hortaz, konpainiako dantzariek bi koreografo ospetsuek taldearendako sortutako piezak dantzatuko dituzte: Janis Claxton australiarraren Une koreografia berezia eta Itzik Galiki israeldarraren Prelude a wasted tear (Botatako malko baten preludioa). Israeldarra den arren, Palestinako egoerarekin oso kontzientea dela esan du Saez de Ugartek, eta koreografiak horri buruzko testuarekin bat egiten duela esan du.

Altsasu institutuko DBH-ko 2. mailako D eta A ereduko eta 3. mailako A ereduko eta Etxarri Aranazko ikastolako 6. mailako ikasleek parte hartu dute Dantzabide erresidentzian. Hasierako lotsak kenduta, gustura aritu direla esan du Javier Casteig institutuko zuzendariak; irribarretsu ateratzen omen ziren entseguetatik. Ikastolako ikasleen artean, aldiz, kexa gutxiago egon zirela esan du Olaia Martiarena ikastolako zuzendariak. Izan ere, "ez da DBH-ko 2. mailako gaztetxoa izatea, edo 6. mailako haurra izatea". Hurrengo urratsa bihar eginen duten ikuskizunari aurre egitea izanen da. "Beldur eszenikoa sartzen da hor". Gaur, ostirala, Iortia kultur etxean entseguak eginen dituzte eta Dantzaz konpainiako dantzariak ikusteko aukera izanen dute. Bertan izanen dira Andra Mari ikastolako 5. mailako ikasleak ere, "agian datorren urtean haiek parte hartuko dutela, eta zer den ikusteko". Ordu bateko lau entsegu egin ditu talde bakoitzak.

Gazteak
Arte eszenikoetara eta dantzara hurbiltzea da dantza erresidentziaren helburuetako bat. Horregatik, bai dantza erresidentzia bai institutuan egiten ari den antzerki tailerra, "beste ikuspuntu batetik egiten dira, aisialditik", kultur teknikariek azaldu dutenez. Gainera, irakasleak jende gaztea da, eta ikasleekin hurbiltasun eta gertutasuna lortzen dute. "Parekide sentitzen dira". Hortaz, konpainiaren zuzendariak  azaldu duenez, dantza erresidentziaren  helburua ez da dantza egiten dutenak hobetzea, baizik eta guztiak batera, modu naturalean, dantzatzea eta mugitzea. "Guztion ekarpenak onartu behar dira eta integratu behar dira. Mugimendu bat egiten badute, horren atzean zer dagoen definitu beharko dute, eta erdian beste bat sartu daitekeen, eta abar". Konpainiak ez du "material koreografikorik" ekartzen, hortaz, ikasleen sortzen dituzte dantzak.

Institutuan egiten ari den Antzerki tailerra ere Oholtzara salto programaren beste ekimenetako bat da. Hamar bat ikasleek parte hartu dute eta oso gustura ari direla esan du Javier Casteigek. Gainera, helburua ez da antzezlan bat antzeztea; antzerki egitea baizik. Martxoaren 16an, Tafallan, Nafarroa osoan egin diren antzerki tailerren topaketa eta festa eginen da, eta bertan Altsasuko institutuko ikasleak izanen dira ere.

Dantzabidea erresidentziaren aurkezpenean Etxarri Aranazko alkatea, Eneka Maiz, Altsasuko alkatea, Javier Ollo, eta Olaztiko alkatea, Mikel Azkargota, egon ziren Altsasu institutuko eta Andra Mari ikastolako zuzendariekin eta herrietako kultur teknikariekin batera.

Dokumentuaren akzioak