2023ko laugarren hilabetea estreinatu berri dugu. Apirila kultur hitzorduei dagokienean, dantza batean datorkigula argi da. Hasteko, gaur bertan, Iruñeako Peña Alegriako kideak bisitan etorriko dira iaz bezala. Sagardotegian bazkalduko dute, baina bazkalaurretik eta bazkalostean kale giroa astinduko dute Igandea txaranga gaztearekin. Bistan denez, hilabetea dantzan hasi eta tankera beretsuan amaituko dugu. Apirileko azken bi asteburuak Dantzaroan igaroko ditugu, Orbeldikoen eskutik. Dantzari helduen eta gaztetxoen topaketak iragarri dituzte hilaren 22an eta 23an hurrenez hurren, kalejira, emanaldi eta erromeriekin.
Astebete beranduago, aldiz, 11. Dantza Eguna, apirilaren 29an hain zuzen. Berrikuntzekin gainera. Hasteko, Kalezartik abiatuko den kantu eta dantza kalejirarekin. Usurbilgo Euskal Kantu Taldea izango du bidelagun Orbeldik, eta haiekin bilduko da gero bazkaritarako, abesteko aukera izango baita otorduan zehar. Txartelak aurrez eskuratu ahalko dira Artzabalen, Txirristran eta Orbeldik ere eskuragarri jarriko ditu.
Bazkalosterako tranpaldo irekia iragarri dute, eta ekimen honetarako izen-ematea ere zabalik du Orbeldik. Nahi duenak koreografia bat plazaratzeko hitzordua izango du ekitaldi honetan zehar. Eguna berriz, "Hala Bazan!" herri ikuskizuna plazaratuta borobilduko du Orbeldik. Emanaldiaren entsegu saio orokorra astebete lehenago eskainiko dute, hilaren 22an Aginagan.
Dantza kontuez gain, zinea. Gogoan izan, azkenaldiko film ikusiena, NOAUA! K.E.-ren eskutik igande honetan bertan, apirilaren 2an Sutegin, "Irati" proiektatuko baitugu 19:00etan kultur-etxeko auditorioan.
Kirol hitzorduei ere tartea egingo die estreinatu berri dugun hilabeteak. Batetik, Euskal Herriko Itzuliak udalerri hau zeharkatuko du apirilaren 5ean, 14:00ak pasatxoan Txikierditik hasi eta Aginagaraino N-634 errepidetik barrena. Biharamunean, herriko mendizale talde batek deituta, oinez osatuko du Usurbildik Arantzazurainoko bidea. Kirol ekintza gehiago datozkigun jai egunotan. Zabalik da Aginagakoaren ostean, Usurbilgo Pala Txapelketan izen-emateko epea. Herriko alor honetako eragileek gainera, Kirol Astea antolatu dute apirilaren 11tik 14ra. Ez da egun horietan egingo den aisialdiko ekimen bakarra izango. Ziortzak elkarbizitza egunak antolatu ditu, Gaztelekuak ere hitzordu gehiago.
CAF-Elhuyar sarien itzulera
Solasaldi zenbait ere iragarri dira hilabete amaierarako. Zaintzari lotuta, azaroaz geroztik abian den zikloaren baitan, "zaintza lanak: autonomia eta burujabetza sustatzeko eredurantz" saioa apirilaren 20an. Hitz Ahoren eskutik, "familiako gatazkak eta estresa kudeatzeko pilulak" hilaren 27an eta Sutegin "Zazpi personaia istorio bila" lanari buruzko irakurketa-solasaldia LH 4 eta 5 mailakoentzat Yolanda Arrietarekin.
Itzulera baten berri eman digu baita, Usurbilgo Udalak hilero etxez etxe banatzen duen kultur agendak. Udalerri honetan egingo dute berriz, CAF-Elhuyar sarien banaketa. Apirilaren 26an izango da Sutegin. Hilabetea, aldiz, aurten 50 urte bete dituen Jose Luis Zumetaren muralari lotutako urtemuga ekimenekin agurtuko dugu. Lehen erakusketa zabalduko dute kultur-etxean, hilaren 29an.
Herri bizitzak asteotarako dakarrena egunez egun, web orrialde honetako "Agenda" atalean duzue ikusgai.
Dokumentuaren akzioak
Dantza batean dator apirila
Dantza, zinea, solasaldiak, kirol ekintzak... estreinatu berri dugun apirilean. Ohi bezala, denetarik eta denontzat.
Dokumentuaren akzioak