Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza asteburu betea dator, dantzari txikien eta gazteen hiru topaketekin

Dokumentuaren akzioak

Dantza asteburu betea dator, dantzari txikien eta gazteen hiru topaketekin

Larunbatean Idiazabalen elkartuko dira 12 urtetik gorako dantzariak. Legazpiko eta Legorretako dantzari txikien egunak igandean izango dira. Legazpin hamar taldek parte hartuko dute, eta Legorretan lauk.
Egilea
Tere Madinabeitia
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Idiazabal, Legazpi, Legorreta
Mota
Albistea
Data
2023/04/19
Lotura
Goierriko Hitza

Iazko Legazpiko Dantzari Txiki Eguna. ARGAZKIA: Tere Madinabeitia

Legazpin, Legorretan eta Idiazabalen kaleak hartuko dituzte dantzariek asteburuan zehar. Dantzari txikien, gazteen eta musikari askoren topaketak izango dira hiru herrietan.

Idiazabalgoa larunbat goizean izango da. Herriko dantzari gazteekin batera, 12 urtetik gorakoak, Zaldibiakoak, Anoetakoak, Legorretakoak, Lazkaokoak, Ordiziakoak, Altzokoak eta Ibarragoak izango dira festan. 10:30ean hasiko da, futbito kantxan, dantza erakustaldiarekin. Poteoa etorriko da ondoren, eta 14:30ean, bazkaria. Bazkalostean erromeria izango da, Mugi Panderoa taldeak alaituta.

Legazpin, Korostirekin
Legazpin Korosti taldeak antolatuta egingo da Dantzari Txiki Egunaren 36. edizioa igandean. Festa honen inguruan 400dik gora dantzari elkartuko dira, antolatzaileen esanetan. Antzuolako Oinarin, Urretxuko Lurra, Oñatiko Oñatz, Urretxuko eta Zumarragako Irrintzi, Getxoko Itxas Argia, Beasaingo Aurtzaka, Iruñeko Oberena, Gasteizko Indarra eta herriko Sustraiak eta Korosti taldeek parte hartuko dute. Goiz Deia txistulariak, Doinua musika eskolako trikitilariak eta Tolosako dultzaineroak ere izango dira.

Laubiden elkartuko dira guztiak 11:00etan, eta ogitartekoaren ondoren, dantzan hasiko dira bertan. Gero Patrizio Etxeberria kalean eta Kale Nagusian dantzatuko dute, eta 13:15ean, dantza saioa eskainiko dute plazan. Bazkaria egingo dute ondoren Gizarte Zentroan eta Ilintxa, Izadi Zaleak, Lagunartea Berri, Lekanazpi, Muruazpi, Okila eta Onrto Beltz elkarteetan.

Bazkalondoren. Bikuña-enea plazan elkartuko dira guztiak eta kalejiran joango dira plazarantz, han azken dantza saioak egin eta Dantzari Txiki Eguna agurtzeko.

Legorretan, 21. edizioa
Legorretako 21. Dantzari Txiki Eguna Irrintzi-Alai taldeak antolatu du, iganderako. Herriko dantzariez gain, Zaldibiako Iztueta, Ordiziako Amets Bide eta Beasaingo Aurtzaka dantza taldekoak ere elkartuko dira.

Herrian zehar desfilea egingo dute dantzari guztiek, 11:00etan abiatuta, eta 13;00etan plazan elkartuko dira alardea egiteko.

Dantzariek Legorretako elkarteetan bazkalduko dute gero. Bazkalondoren, 16:00etan, DJ Xaibor izango da plazan, eta horren saioa 17:00etan amaituko da, aurtengo Dantzari Txiki egunari itxiera emanez.

Dokumentuaren akzioak