Dantza kalera atera eta herritarrak gorputza mugitzera animatu gura ditu Jaiki elkarteak, beste urte batez; zortzigarrenez, hain zuzen ere. Gaur, maiatzak 24, hasi eta 31ra bitartean, ikuskizun, ikastaro eta erakustaldi mordoa izango dira. "Dantzatzeko aukerak sortzeari eman diogu garrantzia. Luxuzko gonbidatuak izango ditugu eta jendea animatu gura dugu ikustera eta, bereziki, dantzatzera", adierazi du Jaikiko Maier Etxebarriak.
Ikuskizun asko
Kanpotik etorriko diren hainbat konpainiaren ikuskizunak nabarmendu ditu. Gasteizko Larrua Proiektuak eskainiko duen Idi-begi, Kaize Konpainiaren dantza urbano erakustaldia, "gustu handiarekin prestatutakoa", eta Zaragozako Yeinner Chicas taldearen Metamorfosis 2.0: "Zaragozako taldea Madrilen ezagutu genuen bat-bateko txapelketa batean, eta haien performancea asko gustatu zitzaigulako ekarri ditugu".
Berritasunen artean DJen emanaldiak daude: batetik, Nafarroatik datorren DJ Remyk kaleak girotuko ditu; eta, bestetik, Maikel Night aretxabaletarrak Ezkutu tabernan jarraituko du.
Eragileekin elkarlanean
Inguruko eragileen parte-hartzeak ez du hutsik egingo. Arrasate Musikalekoak etorriko dira ballet eta dantza garaikide ikuskizunarekin. Jose Nieto eta Tania Vinagreren taldeak saltsa dantzak ekarriko dituzte eta Basotxoko erretiratuek lineako dantzak eta euskal dantzak, baita Leizarra musika eskolakoek ere. Jaiki elkartekoek, ostera, Zutunpa Atxabaltako Txalapartariek izango dituzte lagun. Ludotekako umeek mugimendu jolasak egingo dituzte. Eta Gu Haziak Gara elkartekoek erritmo latindarren tailerrean hartuko dute parte. "Adin, jatorri eta gustu askotariko jendea elkartu gurako genuke".
Estilo askotako ikastaroak
Ikastaroak ere izango dira egunotan. Butoh dantzaren gainekoa Ainhoa Alberdirekin, bihar eta etzi, kuartelean; erritmo latinoen tailerra Yeinner Chicas taldearekin, martitzenean, Mitarte kalean; eta dantza urbanoen gainekoa, Ikigai Dance Studiorekin, kuartelean, debalde. Horietan parte hartzeko izena eman behar da Whatsapp bidez: 686 17 87 19.
Egitaraua
Maiatzak 24, egubakoitza
- • 18:30 Ballet eta dantza garaikidea. Arrasate Musikal. Plaza.
- • 19:00 Dantza garaikidea: Idi-begi. Larrua Proiektua. Plaza.
- • 19:30 DJ Remy. Plaza.
- • 22:00 DJ Maikel Night. Ezkutu.
Maiatzak 25, zapatua
- • 10:00 Ikastaroa: Butoh dantza. Kuartela.
Maiatzak 26, domeka
- • 11:00 Haur Dantzarien Eguna. Leizarra musika eskola. Kaleak eta plaza.
Maiatzak 27, astelehena
- • 18:00 Euskal dantzak. Leizarra. Mitarte kalea.
- • 18:30 Bat-bateko dantza. Jaiki eta Zutunpa Atxabaltako Txalapartariak. Mitarte.
Maiatzak 28, martitzena
- • 17:30 Lineako dantzak. Basotxo. Mitarte.
- • 18:30 Erritmo latinoen tailerra. Mitarte.
- • 19:30 Saltsa. Jose Nieto eta Tania Vinagreren taldea. Mitarte.
Maiatzak 29, eguaztena
- • 17:30 Euskal dantzak. Basotxo. Mitarte.
- • 19:00 Performancea: Metamorfosis 2.0. Yeinner Chicas. Mitarte.
Maiatzak 30, eguena
- • 17:00 Dantza jolasak. Ludoteka. Arlutz kantxa.
- • 19:30 Euskal dantzak. Leizarra musika eskola. Belorrieta auzoa.
Maiatzak 31, egubakoitza
- • 18:00 Dantza urbano tailerra. Ikigai Dance Studio. Kuartela.
- • 19:30 Dantza urbanoa. Kaizen Konpainia. Mitarte.