Dokumentuaren akzioak
Dantza-Astea antolatu dute Errenterian
Atzo hasi eta igandean Kukai konpainiaren ‘Oskara’ ikuskizun berriarekin amaituko da egitaraua
Kukai Dantza Konpainiak, Errenteriako Udalarekin batera, Dantza-Astea antolatu du, dantza sentsibilizazio proiektuaren baitan. Aste osoan ekitaldiak egongo dira eta ekimen hau igandean amaituko da Kukai taldeak Oskara, bere ikuskizun berria, Niessen kulturgunean 19.00etan taularatzen duenean. Auditorioak 284 eserleku ditu eta dagoeneko 200 sarreratik gora saldu direla azaldu dute Kultura sailatik.
Egitaraua atzo bertan hasi zen. Kukai dantza taldeko kideek goizean entsegu ireki bat eskaini zioten Gizarte Zerbitzuarekin elkarlanean aritu den emakume atzerritar talde bati. Ostegunean AEK euskaltegiko ikasleekin bi topaketa antolatu dituzte, bata 10.00etan eta bestea 18.00etan. Ostiralean, berriz, 12.00etan, Kolorearekin talde artistikoarekin elkarlanean, entsegu irekia egingo du Kukaik.
Egun berean, baina 19.30ean Gipuzkoan lehen aldiz estreinatuko da Jotamentala dokumentala. Aurreko astean Bilbon estreinatu zuten dokumentala eta aste honetan Niessengo auditoriora helduko da. Aiko taldearekin elkarlanean antolatu dute estreinaldia, eta “jotari, erabateko dantzari, omenaldia eskaintzen dion dokumentala” dela azaldu dute ekimen honetako bultzatzaileek.
Larunbatean familien txanda izango da. Dantza familian ikastaroa egingo dute OarsoIrriak egitasmoko taldearekin batera. 11.00etan, Martxel Rodriguezek, Oskara ikuskizuneko dantzariak, tailerra eskainiko du.
Dokumentuaren akzioak