Dokumentuaren akzioak
Dantza, alpargaten zolak gastatu arte
Hilean behin dantzatzen dituzte muxikoak Hondarribian, eguerdiz, Damarri plazan. Baina aste honetako proposamena oso desberdina izango da. Batetik, ez dutelako ohiko lekuan dantzatuko, eta bestetik, ordutegia ere berezia izango delako.
Arma Plazara mugituko dira igandean plaza-dantzen zaleak. 12:00etatik aurrera dantzatuko dute bertan, Jeiki Hadi taldeko musikarien laguntzarekin. Ondoren, Portura jaitsiko dira erraldoiekin batera, eta San Pedro kalean dantzatuko dute, bazkalordura arte. Ardora jatetxean bazkalduko dute dantza zaleek, 14:30etik aurrera (izena emateko 635 20 34 70 telefono zenbakira deitu).
Eta indarrak berreskuratu ostean, berriro dantzara! Alaken musikari taldeak gidatuta, muxikoetan hasiko dira berriro, kiroldegian, alpargatak urratu arte. Horrelako planarekin, astelehena astelehenago egingo zaio bati baino gehiagori.
Dokumentuaren akzioak