Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza abestuen emanaldia larunbatean, Iruñean

Dokumentuaren akzioak

Dantza abestuen emanaldia larunbatean, Iruñean

Komunikabidea
Gara
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2004/11/24

Iruñeko Iparla elkarteak eta Nafarroa Oinez 05ek “Bidean zehar” dantza abestuen ikuskizuna egingo dute heldu den larunbatean. Hitzordua 20.00etan izango da Gayarre Antzokian, eta bertan, Parisko Anaiki abesbatzak, Anaigazteak dantza konpainiak eta Pikatxu musika taldeak hartuko dute parte. «Ikusgarri bitxia izango da euskal folklorean ez baita batere normala kantua eta dantza uztartzea», azaldu zuen Pello Pellejerok, Iparla elkarteko batzarkideak.



Datorren urteko Nafarroa Oinez-ek garrantzi berezia izango du; izan ere, lehenengo aldiz ospatu zutenetik 25 urte pasatuko dira orduan, Iparla elkarteak beteko dituen urte kopuru bera. Hori dela-eta, ospakizun moduan jarri zuen abian Iparlak egitasmoa, eta Nafarroa Oinez 05ekin batera antolatu dute azkenean.



“Bidean zehar” ikuskizunak bi xede nagusi dituela argitu zuen Ester Garaialdek, Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako zuzendariak: «Iparlaren 25 urteak ospatzearekin batera, Nafarroa Oinez 05en kultur ekitaldiei hasiera eman nahi diegu larunbatean, dantzaren eta kantuaren emanaldi honen bidez».



Ez da ikuskizun berria; izan ere, ikuskizun hori Baionan eta Parisen eman zuten. «Duela lau urte Parisen egin genuen, eta gero, Baionan. Orain, bi zati aldatu ditugu hemen burutzeko», azaldu zuen Christian Larraldek, ikuskizunaren zuzendariak. Aldatu dituzten bi zatiak lehenengoa eta azkenekoa dira. «Lehenengo “Xiberoko zatia” izango dugu eta azken zatian Nafarroari omenaldia egiteko “Nafarroako ta Benefarroko zatia”», erantsi zuen. Gainerakoak “Itsasoko zatia” eta “Bizkaiko ta Guipuzkoako zatia” izango dira.



Azken zatian, Juan Antonio Urbeltzek hartu du parte koreografian aholkua ematen. «Guk Baionako emanaldiko bideoa ikusi genuen, eta zoragarria iruditu zitzaigun. Gainera, oso ondo zegoen; guk bi aldaketa besterik ez ditugu egin», azaldu zuen Urbeltzek. Emanaldiaren sarrerak Iruñeko Xalbador liburu dendan daude salgai atzotik 12 eta 15 euroren truke.

Dokumentuaren akzioak