Dokumentuaren akzioak
Dantza 2006 urtean
Urrats sendoekin ari da ezagutzera ematen mundura Ballet Biarritz. Kultura alorreko 2005eko Sabino Arana saria eman diote Thierry Malandainek gidatzen duen taldeari. Nazioarteko errekonozimendua eskuratzen ari da eta aldi berean beti da prest Euskal Herrian bertan dantzatzeko. Taldea ari da poliki-poliki borobiltzen, eta aurten bi dantzari gazte, Ione Miren Agirre eta Fabio Lopez, sartu dira konpainian. Agirrek Ballet Biarritz juniorren borobildu du dantzari profesional izateko prestaketa, eta beraz, gazteen konpainia hasi da bere fruituak ematen. Euskal Herriak badu dantza konpainia nazionala, eta Ballet Biarritz du izena.
Dantzaren aurpegi berritzaileena sustatzen 20 urte bete ditu La Fundicionek. Luque Tagua eta Laura Etxebarriaren ausardia eta bultzadari esker dantzak espazio duin bat du Bilboko programazio kulturalean. Azken urteotako euskal koreografo interesgarrienak galdategi horretatik pasa dira. Horien artean dira Asier Zabaleta eta Blanca Arrieta. Zabaletak Look lan interesgarria aurkeztu du aurten, eta Blanca Arrietak ere urte oparoa izan du, hainbat lan berri bezain ausart plazaratu baititu.
Elai-Alai Fundazioak Folklore Azoka jarri du martxan Portugaleten. Sakabanatuta dauden hainbat ekarpen interesgarri asteburu bakarrean eta teilatu beraren azpian bildu dira. Mereziko luke ekimenak jarraipena izatea. Bildu eta hausnartzeko beharra baitu alorrak. Bide horretatik, Eusko Ikaskuntza musika eta dantza tradizionalaren inguruko gogoeta bultzatzeko ahaleginetan ari da. Festen iragana eta etorkizuna, eta Zuberoako dantzak aztertu dira aurten burutu dituzten jardunaldietan. Hain zuzen ere azken urteotan egindako gogoetak eraman ditu Juan Antonio Urbeltz-ek AEBtara eta bertako zenbait unibertsitatetan aurkeztu ditu. Boisen, Oñatiko dantzak tradizio propiotzat hartu zituzteneko 25. urteurrena ospatu dute. Euskal dantza tradizionalen katalogoan sartu beharrekoa da Idahoko hiriburuan San Inazio egunez dantzatzen diren dantzak.
Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Kulturaren Euskal Plana xehetu eta zehazteko lanean ari da dantzaren sektorea. Enpresa batek prestatutako txostena dugu orain mahai-gainean, eta lehen irakurketak esaten digu nahikoa lan badugula aurretik. Bai txostena bera osatzen eta zorrozten, eta baita, dantzaren alor ahul honi falta zaizkion bitaminak aurkitzen.
Dokumentuaren akzioak