Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Damek negua agurtu eta ongi etorria egiten diogu udaberriari»

Dokumentuaren akzioak

«Damek negua agurtu eta ongi etorria egiten diogu udaberriari»

Egilea
Tttipi-ttapa
Komunikabidea
Erran
Tokia
Erratzu
Mota
Albistea
Data
2024/02/09
Lotura
Erran

«38 urteko emakume euskalduna eta irakaslea» da Idoia ETXENIKE LASTIRI erratzuarra. Kirola egitea du zaletasunik haundiena, eta noski, herriko inauteriak ere gustuko ditu.

Egun bereziak

Erratzuko inauterietan «giro berezia» izaten da; «damek, mozorroek, musikariek eta gerturatzen diren ikusleek sortzen dute berezitasun hau». Ttikitatik izan ditu gustuko egun horiek: «nire lehendabiziko oroitzapenak gurasoen etxera eskean etorri zirenekoak dira. Gazte pila bat dantzari eta kantari mahai-inguruan, etxeko nagusiekin solas eta solas… arras oroitzapen politak ditut».

Hala ere, «gaur egun ere giro paregabea sumatzen da inauterietan». Asteartea du egunik gustukoena; «arratsaldeko desfilea, damak ateratzen garen tartea». Izan ere, duela 13 urte hasi zen Etxenike damaz ateratzen, «eta geroztik, haurdun egon naizenetan bakarrik huts egin dut».

Aspaldiko tradizioa

Inauteria «aspaldiko ohitura» dela azaldu du; «erromatarren garaiaren aitzinetik ospatzen ziren, neguko solstizioan. Gure lurraldean inauteriak sinbologiaz beteak daude, eta horiek erranahi bat dute. Bi zatitan banatzen dira: beltza eta zuria. Beltza iluntasunaren adierazpena da, eta neguko gau luzeei egiten die erreferentzia. Hau otsoek, hartzek eta azeriek adierazten dute. Alderdi zuria, berriz, udaberriaren eta biziberritzearen adierazpena da».

Erratzuren kasuan, «damak dauzkan herri bakarra da. Zuri eta gorriz jantzita ateratzen gara, garbitasuna adieraziz, eta zapi handi eta koloretsuak paratzen ditugu bizi berria datorrela adierazteko». Ttuntturruek, berriz, «kolore aunitz dituzte, udaberriko koloreak adierazi nahiean».

Inauteri egunak «dantzan, jaten eta edaten pasatzen ditugu, nahasmen batean. Damek, berriz, ordena adierazi nahi dute. Bi lerro zuzen egiten ditugu eta zanbonba soinuak erritmo berean jotzen ditugu, udaberriari ongietorria eginez eta neguaren iluntasuna agurtuz». Beraz, «ez da kasualitatea horrela beztitzea eta doinu eta erritmo horretan jotzea, bere azalpena baitu».

Ohitura berriak

Gaur egun astearteetan ateratzen da desfilea, «baina duela urte batzuk ez zen horrela izaten. Lehen astelehenetan jotzen zituzten zanbonbak, etxez etxe eskean gizonezkoak ibiltzen zirenean». Astearte aitzineko larunbat arratsaldean entsegua egiten dute, «erritmoa eta golpeak errepasatzeko», eta urtero frontoitik abiatzen da desfilea 17:30ean. «Herrian barna ibiltzen gara zanbonba jotzen eta hainbat lekutan geldialdiak egin ondotik, 20:30ean frontoian ematen diogu akabaila desfileari». Jendearen interesa piztu duen ekitaldia da; «jende aunitz hurbiltzen da ikustera, urtetik urtera gehiago, erranen nuke».

Ikustera ez ezik, zanbonba jotzera geroz eta herritar gehiago animatzen dira; «azken urteetan gorakada izan du, eta haur eta gazteak ere animatzen hasiak dira. Joan den urtean 21 lagun elkartu ginen». Aitortu duenez, «niretako besta onenetarikoak dira Erratzuko inauteriak, eta gonbidapena luzatu nahiko nuke astearteko desfilea ikustera etortzeko, merezi baitu».

Dokumentuaren akzioak