Dokumentuaren akzioak
'Cultur 2000' barruan, Iruña dantza taldea Lekunberrin
Prestatzen ari diren ikuskizun berriaren zatiak eskainiko dituzte
Europan barna eskaini ditu hainbat ikuskizun, Alemania, Austria, e.a., baina azken aldi honetan Euskal Herritik dabil soilik, hego zein iparraldetik. Batik bat Nafarroako txokoak bisitatzen ditu, herriz herri, jaiaz jai, enparantzaz enparantza.
Azken emanaldia hain zuzen ere Marcillan egin zuen 'Cultur 2000' egitarauaren barruan, abuztuaren 12an. Gaurkoa ere egitarau horren barruan aurreikusitakoa da, Lekunberrin, gaueko 22.00etan herriko frontoian. Honekin agur esanen diete udako emanaldiei eta batera, agerpen honetan urte bukaerari begira prestatzen ari diren ikuskizun berri eta berritzailearen hainbat zipristin ezagutzera emanen dituzte.
Ia bi urte eman dituzte taldeko 30 dantzari eta fanfarreko 15 lagunek ikuskizun berriari forma ematen. Betiko eskema bera ez errepikatzea arren, diseinu berria nahi dute martxan jarri: dantzak osorik eskaini ordez, elkar lotu, nahasi, tartekatu arintasun eta freskotasun gehiagoz..., horretan ari dira. Eta dantzekin batera, musika landu, eta eskenatokia modu berezi batez apaintzen saiatuko dira, besteak beste, ohialak eta argiak erabiliz.
Iruña dantza taldea bezala, beste hainbat talde ohartu dira berritzearen beharraz eta, gutxinaka, euskal dantzen emanaldiak aldatuz doaz. Koreografia berriak, sormeneko musika betiko erritmoekin nahasia, edo eta janzkera berriak ikusiz joanen dira pixkanaka Euskal dantza taldeen artean.
Saiakera horietatik zer irten daitekeen gaur gauean bertan jakin ahal izango dugu, Lekunberriko emanaldian.
Dokumentuaren akzioak