Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Corpusetan emakume dantzariak lehenengoz

Dokumentuaren akzioak

Corpusetan emakume dantzariak lehenengoz

Prozesioan ez ezik, egubakoitzean ikastetxeetan eta auzoetan, eta zapatuan herriko kaleetan egingo dituzten dantzetan ere izango dira emakume dantzariak. Bi urteko hausnarketa prozesuaren emaitza izango dira aurtengo Corpusak.
Egilea
Oihana Elortza
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Oñati
Mota
Albistea
Data
2018/05/31
Lotura
Goiena

Corpuseko prozesioan lehen aldiz agertuko dira neskak dantzan. Ez da Oñatiko emakumeek Corpus dantzak egiten dituzten lehen aldia izango –1940ko eta 1950eko hamarkadetan egiten zuten–, baina bai Corpusetan egingo duten lehena.

Oñatz dantza taldekoek duela bi urte ekin zioten emakumeen parte hartzeari bultza egiteko prozesuari. Zeregin hori izango zukeen talde eragilea sortu zuten orduan, emakumez zein gizonez osaturikoa. Eta aurten azalaraziko dute prozesu horretan egindakoa. Corpus prozesioan ere izango da emakumerik. Dena den, horri garrantzia kenduz, diote betiko moduan bederatzi dantzari izango direla domekan, generoaren etiketa kenduz. "Guk dantzariei ematen diegu garrantzia. Betiko moduan, bederatzi egongo dira, baina ez dira denak mutilak izango", dio Oñatzeko Miren Aranburuk.

Domekako prozesioan ez ezik, asteburuko egun guztietan izango da emakumerik dantzarien artean. Urte eta erdi inguru jardun dute Corpus dantzak ikasten eta entseatzen. Izan ere, orain arte, dantzariak laguntzea izan dute zeregin Corpus asteburuan, dirua batzea, dantzarako materialarekin laguntzea eta gisakoak egitea. Aurten emakumeendako arropen gaia landu behar izan dute, tartean. Eta adituekin egon ostean, diote alor horretan ez dutela aparteko aldaketarik egin beharrik izan. "Saiatu gara ahalik eta berdinena izaten. Prakak bakarrik aldatu ditugu, baina kanpotik ez da nabarituko; emakumeen gorpuzkerara moldatu ditugu", azaldu du Irati Aranburuk.

Hogei dantzari

Dantzariendako, baina, Corpusak ez dira domekako prozesiora mugatzen. Asteburu osoan zehar dihardute herriko ikastetxeetan, auzoetan eta kaleetan. Eta, beraz, dantzok txandakatu beharra dakarkie horrek. Finean, domekako bederatzi dantzarietatik aparteko taldeak dihardu beste dantza emanaldietan. Orotara, hogei dantzari inguruk jardungo dute datozen egunetan. "Asteburu osoa izaten da berezia. Egubakoitz goizean auzoetan eta baserrietan ibiltzen gara dirua batzen eta arratsaldean, ikastetxeetan eta kalean. Zapatuan, goiz eta arratsalde ibiltzen gara herriko kaleetan dantzan eta dirua batzen, eta domekan prozesioan goizean eta Foruen plazan arratsaldean", dio Oñatz dantza taldeko Iulene Urrutiak.

Duela bi urte hasitako prozesuaren emaitza asteburuan ikusiko da eta horren gogoz daude Oñatzeko dantzariak, Zuriñe Lazkanok adierazi duen moduan: "Oso gutxi falta da. Oso urduri eta pozik gaude, aldi berean, eta oso gustura egindako lanarekin, luzea izan bada ere".

Musika eta kirola

Corpusetako dantzak ez ezik, baina, bestelako ekitaldiak ere izango dira asteburuan Oñatin. Domeka goizean, esaterako, 09:45ean, prozesioko osagai nagusiak eta txoko bereziak ezagutzeko bisita egingo dute, Turismo Bulegotik irtenda. Plazak mugatuak dira eta komeni da aurrez izena ematea Turismo Bulegoan bertan.

Musika eta kirola izango dira asteburuko beste bi osagai. Egubakoitzean, Domeketarrak taldeak kontzertua eskainiko du Portu kaleko plazan. Zapatuan, musika bandaren kalejira eta disko festa izango da eta domekan, bandaren kontzertua eguerdian eta dantzaldia arratsaldean.

Zapatu arratsaldean, herri lasterketak izango dira, 18:00etan emakumezkoena eta 19:00etan gizonezkoena; umeena 12:00etan egingo dute.

Pago-Uso elkarteak antolatuta, bestalde, Corpus jaietan ohitura bihurtu den plater tiroketa ekitaldia egongo da domekan Txopekuako tiro zelaian. Foso olinpiko modalitatean jokatuko da, 25 plateretara, eta Gipuzkoa mailakoa izango da.

Dokumentuaren akzioak