Dokumentuaren akzioak
Coliseo antzokian saio bikoitzean eskainiko den “Martin Zalakain” ikuskizuna aurkeztu dute
Azaldutakoaren arabera, Pio Barojak idatzitako “Zalacain, el aventurero” eleberrian oinarrituta Juan Antonio Urbeltzek eta Argia taldeak sortu duten lanak dantza, musika eta antzerkia biltzen ditu. Taula gainean Euskal Herri osoko dantzariak egongo dira, 80 bat inguru: Argia (Donostia), Duguna (Iruñea), Maritzuli (Biarritz), Elai-Alai (Portugalete), Haritz (Elgoibar), Gure-kai (Deba) eta Arkaitz (Añorga) taldeetako dantzariekin batera Eibarko Kezka Dantza Taldeko 20 lagunek jardungo dute. Dantzan oinarritutako ikuskizuna izan arren, musikaren garrantzia azpimarratu dute eta, puntu horretara ailegatuta, ikuskizunerako musika-konposizio eta konponketez arduratu zen Marian Arregi gogoratu dute: “Bera hil eta gero eskainiko dugun bigarren emanaldia izango da Eibarkoa”. Arregi ez ezik, iaz hil zen beste lagun bat gogoratu dute: Kezka dantza taldearen sorreran zein bilakaeran pisu nabarmena izan zuen Jose Inazio Sarasua elgoibartarra. Ikuskizunak orain arte izan duen harrera onarekin “pozik eta harrituta” daudela azaldu dute, Eibarkoa “berezia” izango dela gaineratuta, emanaldi bi jarraian eskainiko duten lehen aldia izango da eta.
Dokumentuaren akzioak