Dokumentuaren akzioak
Canok eta Maiak prestatu dute inaugurazio gala
Hala idatzi du Harkaitz Canok aurkezpen oharrean: «Aurrez genituen ziurtasunak pitzatu, eta oinen pean amildegi bat ireki zaigula dirudien pandemia garaiotan, distantzia hitzak duela hilabete batzuk imajinatzen zaila zen zentzua hartu du». Eta horregatik, Donostiako 68. Zinemaldia inauguratuko duen ekitaldirako ardatza horixe bera izatea aukeratu dute, bai berak eta bai Jon Maia dantzariak. «Distantzia. Banatzen gaituena, bai; baina baita salbu ipintzen gaituena ere». Gaur iluntzean izango da gala, Kursaalean, eta ETB1-en, eitb.eus atarian eta Zinemaldiaren webgunean ere jarraitu ahalko da.
Emanaldiak ez du izango propio aurkezle lanetan arituko den inor. Horren ordez, aktore eta aurpegi ezagun gehiago arduratuko dira sailen eta edukien aurkezpenez; Cayetana Guillen Cuervo, Eneko Sagardoi, Miren Gaztañaga, Inma Cuevas eta beste. Dantza eta musikak ere pisu nabarmena izango dute, eta Kukai konpainiako dantzariak arituko dira, Maiak berak zuzenduta. Bost musikari arituko dira, Luis Maria Moreno Urretabizkaia Pirata-k zuzenduta.
Distantziaren ideiarekin batera, pandemiari lotutako beste hari bat ere izango du saioak: zinema aretoetara itzultzeko premiarena. Aipagai izango dira, halaber, Willem Dafoe aktorea —aurtengo jaialdiko kartel nagusiaren protagonista—, eta gainontzeko sailak josteko baliatu den lorategiaren ideia.
Gala guztien ardura
Donostia Sariaren eta Euskal Zinemaren galen atzean ere Cano eta Maia izango dira. Baita itxierako emanaldian ere; azken urteetako bidetik, «egile galak» sortzeko enkargua egin die jaialdiak.
Dokumentuaren akzioak