Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Busturialdeko dantzari txikien eguna egingo dute domekan

Dokumentuaren akzioak

Busturialdeko dantzari txikien eguna egingo dute domekan

Ekitaldia Isla Kale kiroldegian izango da eta hamalau urtetik beherako 500 dantzari inguruk parte hartuko dute

Egilea
Maite Zabalondo
Komunikabidea
Busturialdeko hitza
Tokia
Mundaka
Mota
Albistea
Data
2007/06/01

Dantzari txikien egunean eskualdeko hainbat udalerritako dantza taldeek parte hartuko dute. Hamalau urtetik beherako 500 dantzari inguru izango dira.

Oraingo honetan Mundakako Gazte-Zar Dantza Taldeak antolatu du jaia. Eguna 11:30ean hasiko dute dantzariek, ordu horretan Mundakako Talan batuko baitira neska-mutil guztiak.

Gaztetxoek kalejira egingo dute Mundakako kaleetatik zehar, Isla Kale kiroldegira heldu arte.

Hainbat dantza

Kalejiran, dantzariekin batera, Iruñako Muthiko Alaiak taldearen fanfarrea ariko da, eta ondoren, dantza ekitaldian ere izango dira. Dantza emanaldia, 12:30ean hasiko da. Umeek hainbat motatako dantzak egingo dituzte: Dantzari dantza, Bizkaiko Arku Dantza, Txantxoak, Eusko Dantza, Saragi Dantza, Marmutx, Zapatain, Txulalai, San Petrike, Polkapik eta amaitzeko Biribilketa.

Hainbat dantza egingo dituzte, eta horien artean lehen aldiz Saragi Dantza egingo dute umeek.

Busturialdetik hainbat udalerritako dantza taldeek parte hartuko dute domekako ekitaldian: Bermeo, Busturia, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Mundaka, Ibarruri (Muxika) eta Nabarniz eta Ereñokoek, hain zuzen.

Horiez gain, Bakioko dantzariak ere izango dira, urtero legez.

Iaz Gernika-Lumon

Busturialdeko dantzari txikien eguna urte bakoitzean herri batean antolatzen dute. Iaz, adibidez, Gernika-Lumon egin zuten eta 2005. urtean Busturian izan zen.Aurten Mundakan egitea tokatu da eta Gazte-Zar dantza taldekoak arduratu dira ekitaldia antolatzeaz.

Dantzari txikien egunean batuko diren umeei gozoki poltsa bana emango diete antolatzaileek, dantza saioa amaitu ostean.

Dokumentuaren akzioak