Dokumentuaren akzioak
Busturialdeko Dantzari Egunak 220 dantzari batuko ditu bihar Bermeon
Ekitaldia bukatu ondoren, zazpi dantza taldeek afaria izango dute Kafe Antzokian
Busturialdeko Dantzari Egunean parte hartuko duten dantza taldeak, Bakioko Itxas-alde, Mundakako Egunsenti, Busturiako Irrintzi Alai, Bermeoko Alkartasuna, Foruko Urdaibai, Gernikako Elai-Alai eta Gautegizeko Arteagako Artie izango dira. «Guztiek dantza ikuskizun polita eskainiko digute», adierazi du Gaizka San Pedro Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeko presidenteak.
Horrela, 220 dantzariek elkarrekin hainbat dantza dantzatuko dituzte, besteak beste, Dantzari dantza, Makil txiki, Boastitzea, Kaskarrotak eta Agurra. Horrez gain, dantza talde bakoitzak bere dantzak erakutsiko die bertaratzen direnei.
Hortaz, Busturialdeako dantza taldeen dantzekin gozatzeko aukera «paregabea» izango da. Hori dela eta, Alkartasuna Dantza Taldeak eta Bermeoko Udalak «festa giro polita» izango duen Busturialdeko Dantzari Egunean parte hartzera gonbidatu dute.
Ekitaldia bukatu ondoren, zazpi dantza taldeetako 220 dantzariek afaria izango dute Bermeoko Kafe Antzokian eta, ondoren, erromeria Akerbeltz taldearekin.
Dokumentuaren akzioak