Dokumentuaren akzioak
Busturia, eskualdeko dantzari txikien eszenatoki
Busturialdeko zortzi udalerritako dantza taldeak elkartu ziren, Busturialdeko Dantzari Txiki Egunaren bosgarren zikloari hasiera emateko; izan ere, Busturian hasi eta urtez urte gainontzeko herrietatik igarotzen da, zikloa bukatu eta berriz ere sorlekura itzuli arte. Bakioko Itxas Aldeko, Bermeoko Alkartasunako, Busturiko Irrintzi Alaiko, Foruko Urdaibaiko, Gernika-Lumoko Elai Alaiko, Gautegiz Arteagako Artie Dantza Taldeko, Ibarrangeluko Loreako eta Ibarruriko Baso Txoritxuko kideak Done Mikel Goiaingeruaren baseliza parean elkartu ziren goizean, eta eguraldia lagun, 12:00ak aldera kalejiran abiatu ziren dantzalekura.
Dantzari Dantzako umeek eman zioten hasiera ekitaldiari. Dantza-ziklo horretan Aginariena, Banangoa, Ezpata Txikia eta Txotxongiloa dantzatu zituzten. Jarraian, Agurra eta Bizkaiko zinta dantzaren txanda izango da, eta, segidan, Marmutx, Zapatain eta Txulalaigaz jarraitu zuten. Eltziegoko dantzekin eta Zahagi dantzagaz jarraituko zuten. Makil txiki I eta Makil Txiki II egin eta gero, Sardinerak eta Mariana dantzatuko zituzten. Lanestosa dantzatuta, Biribilketagaz amaitu zuten emanaldia dantzari txikiek.
Giro ederra sortu zen Altamiran, eta dantzari, antolatzaile eta gurasoek pozik bukatu zuten eskainitako ikuskizunagaz. Tenis zelaia goraino bete zen eskualdeko dantzari txikienen dantza emanaldiaz gozatzeko.
Busturiko Irrintzi Alai dantza taldeak antolatu du aurten eskualdeko dantzari txikien eguna, baina, beste herri bati lekukoa pasa aurretik, beste ekitaldi bat antolatu beharko dute. Izan ere, umeek nagusiei pasako diete lekukoa, eta dantza taldeak berak antolatuko du, aurten, 24. Busturialdeko Dantzari Nagusien Eguna. Atzoko emanaldiaren bukaeran iragarri zutenez, dantzari nagusiak azaroaren 16an bilduko dira, eszenatoki berean.
Dokumentuaren akzioak