Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Herriko dantzak bultzatzeko erromeria

Dokumentuaren akzioak

Euskal Herriko dantzak bultzatzeko erromeria

Larunbatean IX. Erromeria Eguna egingo da Errenterian Ereintza dantza taldeak antolatuta

Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2007/07/11

Egun osoan kaleetan arituko dira fanfarreak, dultzaina jotzaileak, trikitilariak eta txistulariak, besteren artean. Eguneko ekitaldi nagusia, dantza jaialdia 10:00etan hasiko da, dianaren ondoren. Orduan elkartuko dira dantza ikasle zein irakasleak urte osoan ikasitakoa herritarren aurrean dantzatzeko.

Dantzan ez dakitenek, normalean egiteko aukerarik ez dutenek edo ahaztuta dutenek eta gogoratu nahi dutenek, berriz, dantza ikastaroa izango dute 11:00etan, Esmalteria gunean; AIKO dantza irakasleak izango dituzte maisu. Adin guztietako jendeari zuzendutako ikastaroa da, dantzarako gertu dagoen edonork har dezake parte ikastaroan. Aspaldiko herri dantzak dantzatzeko aukera izango dute hurbiltzen direnek.

12:45ean musikariek eta dantzariek beteko dituzte kaleak. Ordu laurden geroago, Galdakaoko (Bizkaia) Andra Mari dantza taldearen emankizuna izango da herriko Zumardian. Horixe izango da goizeko azken ekitaldia.

Gero, Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak prestatutako herri bazkaria izango da 14:00etan.

Bazkalostean, Txirri, Mirri eta Txiribiton junior pailazoak izango dira Zumardian. Iaz ere izan ziren Erromeria Egunean.

Pailazoak amaitu eta gero, 18:00etan, Erromeria Handiak izango dira Zumardian, Leku Zarran eta Xabier Olaskoaga plazan.

Iluntzean, Zumardian dantza izango da berriro. Orduan, Patxi Perez dantza irakaslearen konpainiak dantzan jarriko ditu errenteriarrak, goizaldera arte.

Dokumentuaren akzioak