Dokumentuaren akzioak
Buhameak, abian dagoen pastoral «alternatiboko» protagonista
Hainbat artista zuberotarren artean garatu duten «Ederlezi» pastorala abian da. Bertan parte hartuko duten hamabi aktore-kantariak mustrakak egiten hasi dira. Ohi baino formatu txikiagoan pastoral «alternatiboa» eginen dute. Definizio horrek hainbat zentzu hartzen ditu Mixel Etxekoparek abiatu duen proiektu berri honetan. Alde batetik, urtero Zuberoako herri ezberdin batek egiten duen pastoral ofizialaz gain egindakoa izanen da, baina gaiak berak ere berezitasuna ematen dio antzezlan herrikoi honi, Euskal Herriko azken bost mendeetako historiaren itzulia egiten du, ijitoen ikuspegitik.
«Ederlezi» hitzak «eder» hitzetik euskararekin lotura egiten badu ere, Europa erdi eta ekialdean buhameek udaberrian ospatzen duten festa handi baten izena hartzen du. Pastoralak Nicole Lougarotek 2009an idatzi zuen «Bohémiens» liburua du abiapuntu. Antzezlanaren zuzendaritza lana egiten duen Lougarotek bere liburuan Zuberoako maskarada ijitoen kulturatik datorrela ondorioztatzen du, gure kulturan duten garrantzia nabarmenduz.
«Nicolen liburua ateraz geroztik, eztabaida oso minbera izan da; azpian su bat bada. Nik maite dut gure euskal kultura egina izan dela besteekin gurutzatuz. Gu gara zaharrenak, baina zenbat jende ez da pasatu eta egon gure herrian», azaldu zuen pastoralaren testua idatzi duen Etxekoparek.
Antzezlanean zehar ezagutarazten den istorioa horrela azaldu zuen idazleak: «XVII. mendean hasi eta XXI.eraino luzatzen da, familia bereko ama bat eta zazpi alabaren istorioa kontatuz. Beraien bizian Euskal Herriko gertakari nagusiak biziko dituzte».
Protagonistek denboran zehar bidaia eginen dute, baita Euskal Herriko lurraldeetan ere. Gipuzkoan hasiko da, non buhameak dantzan eta kantuz arituko diren, baina bere arraza erasoa denean Lapurdira joanen dira Pierre De Lancrek bere sorgin ehizarekin handik kanporatuko dituen arte. Orduan Zuberoara ailegatuko dira; «han kantuz eta dantzan segituko dute eta maskarada ekarriko dute». Mundu Gerrak ere biziko dituzte gure mendera ailegatu arte.
Aktore eta kantariak
Hamalau aktorek hartzen dute parte «Ederlezin», eta antzezpenak dituen ezaugarrien arabera «denak kantore eta euskaldunak dira. Batzuk kantari trebeak dira, baina denak gazteak». Amaren Alabak taldeko lau kantari daude lan honetako protagonisten artean.
«Pastorala maite dugulako egiten dugu eta beste manera batean egiten entseatzen gara. Xiru beti laborategi bat da gure herri kulturari buruz», azaldu zuen Etxekoparek. 2006an gisa honetako ikusgarria zen «Oiharkoren trajeria» antzeztu zuten.
Pastoral ofiziala
1968an Bakearen Nobel saria irabazi zuen Rene Cassin baionarra izanen da aurtengo pastoraleko protagonista. Sohüta herriak, zehazki Sohütarrak elkarteak, hartuko du hitzordu saihestezin hau antolatzeko ardura. 2001ean «Xiberoko Makia» antzeztu zuten jadanik sohütarrek.
Jean Louis Davant idazle eta euskaltzain urgazlearen esku gelditu da beste behin antzezlanaren gidoia idazteko ardura. Zazpigarren aldia da Davantek pastorala idazten duela eta, dirudienez, ez da azkena izanen. 2015ean Irurin eta Zalgizen Aita Lhanderi buruz eginen den pastorala idaztea bere gain hartu baitu.
Martxoaren 24an estreinatuko da pastoral alternatiboa. (GARA)
Dokumentuaren akzioak