Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bufoien erritmora dantzan

Dokumentuaren akzioak

Bufoien erritmora dantzan

Etikako klasea jolas-garaiarekin alderatzen zuten askok. Egia esan, matematiken aldean gozamena zen hontaz edo hartaz aritzea, eta, zer diren kontuak: etikako klasean hausnartu nuen, lehenengoz, jolas-garaian bezalaxe, plastiko beltzaren atzean gordeketan aritzen diren hondarribitarren jarrera.
Egilea
Itzea Urkizu Arsuaga
Komunikabidea
Tolosaldeko Ataria
Mota
Iritzia
Data
2015/09/08
Lotura
Tolosaldeko Ataria

Denbora gogotik igaro da DBHko garai haiez geroztik, baina, tamalez, arrantzale eta jauntxoen herriak haien Alde Zaharra inguratzen duen harresiak bezalaxe jarraitzen du: Erdi Aroan gotortuta.
Erdi Aroaren eta gotorlekuen kolore grisa ezabatzen zuten Bufoiek, barrea eraginez. Eta badirudi hondarribitar askorentzat Jaizkibeleko kideak bufoi txikiak direla, herriko festak haiek iraintzeko, haiei barre egiteko eta haiei harriak botatzeko erabiltzen baitituzte, beren gozamen propiorako erabili beharrean.
Baina bufoiek bazituzten pribilegioak, zergatik eta, errege-erreginei haien aisialdia fideltasunez kudeatzeagatik. Hondarribian, alarde tradizional pribatua da jaun eta jabe; bai, jaun bakarrik. Eta, bai, jabe; agintari gehienek haien danborren erritmora dantza egiten baitute. Zalantzan jartzekoa da, beraz, sexismoaren satira honetan bufoiak nortzuk diren.
Udaberri dantza taldeko kideok hunkituta dantza egin genuen, ostiralean, Jaizkibeleko danbor eta txibilituen erritmora, bizkarren iraultzari aurpegia nola ematen dioten ikusiz. Hunkituta jaso genuen haien zapi koloreduna, eta hunkituta entzun genituen urteek ezabatu gabeko testigantza gordinak, afalondoan.
Hori dute helduen kontuek, helduen gaitzek; jolas-garaietara itzultzeko gogoa pizten dute sarri. Nik badakit patiora zein bufoirekin jaitsiko nintzatekeen, haren erritmora dantza egiteko.

Dokumentuaren akzioak