Dokumentuaren akzioak
Bueltan da Irungo Euskal Jira
Covidak beharturiko hutsunearen ondoren, aurten bai, bueltan da Irungo Euskal Jira. Ostiral gauean hasi eta igandera bitarteko egitarau oparoa prestatu dute berriro ere euskal kulturaren jaialdiaren antolatzaileek.
Abuztuarekin batera, etenik gabeko kultur eta aisialdi eskaintza abiatu da Irunen. Izan ere, asteburuko Euskal Jiraren ekitaldiez gain, ostegunean dantza ikuskizuna egonen da, eta herriko artisauen azoka igandean.
Horra hor, datorren asterako Irungo proposamenak:
- Neri (H) Ari: Nunavut
Ostegunean, hilak 4, 20:00etan Juncaleko Plazoletan. Neri (h) ari dantza taldeak Nunavut ikuskizuna aurkeztuko du. Honakoa aurreratu dute: “Behin izan ginen lekua aztertzen duen proposamen garaikidea: gure haurtzaroa. Nunavut denbora izoztuta mantentzen den lekua da, glaziarrek betiko irauten duten lekua… ”. - EUSKAL JIRA: Anita Parker
Ostiralean, hilak 5, 22:00etan Urdanibia Plazan. Euskal Jiraren bezperan, eta egitarau horren baitan, Anita Parker talde euskaldunak doako emanaldia eskainiko du plazan. 2017an sortu zen taldea, eta Ane Martinezek (ahotsa), Olatz Anduezak (teklatuak eta koruak) eta Mikel Pirisek (saxoa, ahotsa, sekuentziak eta sampleak) osatzen dute. - EUSKAL JIRA
: Egun handia
Hilaren 6an, larunbata. Egun guztian zehar, 09:00etako txalapartarekin hasita, Urdanibia Plaza bertsolariz, musikaz eta dantza tradizionalez beteko da, baita ohiko gastronomia gozoz ere: taloak, txistorra, sardina-jana.
18:00etan hasiko da Mendelutik Urdanibia plazaraino hiriko kale nagusiak zeharkatuko dituen Euskal Jira, eta 22:00etan, Gora Herria taldeak eskainitako dantzaldiak borobilduko du egun handia. - EUSKAL JIRA: Pentatloia
Hilaren 7an, igandea, 11:30ean Urdanibia plazan. Euskal Jirako egitarauaren barruan pentatloia ere izango da igandean, 11:30ean, Urdanibia plazan. Parte hartzaile bakoitzak bost proba egin beharko ditu bata bestearen atzetik (harri-jasotzea, giza proba, aizkora, txingak eta korrika). Garailea, ziklo osoa denborarik laburrenean egitea lortzen duena izango da. - Igandero
Hilaren 7an, igandea, 10:00etan Kolon pasealekuan. Abuztuko lehen igande honetako Iganderoak artisau azokaren edizio berri bat ekarriko du Kolon pasalekura. Azoka goizeko hamarretatik arratseko seietara bitartean egongo da zabalik.
Irungo Euskal Jiraren egitarau osoa antolatzaileen webgunean kontsulta daiteke detaile osoz.
Dokumentuaren akzioak