Dokumentuaren akzioak
Bretainiako dantza herrikoietan trebatzeko aukera Oiartzunen
Larunbatean, uztailak 4, udako kontzertua eskainiko du Oiartzunen Soinuenea herri musikei emandako txokoak. Bretainiako doinuek protagonismo handia izango dute, Yann Pelliet eta Konogan an Habask bikotearen eskutik. Aurkezpen beharrik ez duen Aiko taldea ere bertan izango da.
Baina arratsaldeko 19:00etan Done Eztebe plazan egingo den emanaldien aurretik ere musika eta dantza giroan murgilduko da Oiartzun, Bretainiako dantza herrikoiak ikasteko tailerra antolatu baitute, Bretainiatik etorritako Yann Pelliet eta Konogan an Habasken eskutik. Pelliet zortzi urterekin hasi zen xirolarru edo gaita jotzen eta orduz geroztik, era batera edo bestera, bakarlari bezala edo taldean, irakasle eta produktore, baina instrumentu tradizionalak saltzen ere, musikari lotuta egin du bizita. Beste horrenbeste esan daiteke instrumentu ugari jotzen dituen Konogan an Habaski buruz.
Bi aditu horien laguntzaz ezagutu ahal izango dira beraz larunbat honetan Oiartzunen, Kontzejupean, Bretainiako dantza herrikoiak. Adin guztietako jendea dago gonbidatuta, antolatzaileek adierazi dutenez.
Arratsaldeko kontzertua ere irekia izango da, doakoa eta, helburu nagusia ondo pasatzea izanik, haur, gazte, heldu eta adinekoek disfrutatzeko modukoa. Bretainiatik etorritako musikariekin batera Aiko taldea arituko da. Aikok musika eta dantza maisu, dantzari eta dantzazale gisa aurkezten du bere burua, musika eta dantzaren arteko tradiziozko harremana berreskuratu nahi duena eta, horrenbestez, plazaz plaza dabilena, "dantzatzeko beste modu bat badagoelako". Modu naturala, alegia, betikoa, larunbat honetan Oiartzunen ezagutu ahan izango dena.
Dokumentuaren akzioak