Dokumentuaren akzioak
'BreakOnStage' jaialdiak gazte kulturarik ikusgarriena ekarriko du Bilbora
Musika, dantza, akrobazia eta kirol urbanoei lotutako ikuskizuna Bilbao Arenan ospatuko da 25ean
Iaz 5.000 ikusle baino gehiago hurbildu ziren festibalera. "Gazteengandik eta gazteentzat" sortu bazen ere, "familian gozatzeko modukoa" dela esan zuen atzo Maitane Leizaolak, Foru Aldundiko Kirol eta Gazteriaren zuzendari nagusiak. Bilbao Arenak hogei show ikusgarriz gozatu ahal izango du kultura urbanoaren izar handiei esker, tartean Errusia, Alemania edota Txekiar Errepublikatik iritsitakoak.
Dantza urbanoari dagokionez, sasoi betean dauden 'break dance' estiloko bi talderen presentzia nabarmendu behar da: une honetan mundu mailako txapelduna diren The Predatorz errusiarrak eta Infamous frantziarrak, Europako onenak. Akrobaziek eta kirolak bat egingo dute erakustaldi izugarrietan: Scooter Freestyle (akrobaziak patineteekin), BMX Freestyle (akrobaziak bizikletarekin), Parkour & Street Stunt (hiriko altzariekin jauzi egiteko artea) eta Cyr Wheel modalitateetan (akrobazia eta dantza metalezko uztai batekin). Honetaz gain, nabarmendu behar da Richard Zelinca txekiarra Scooter Freestyle atalean arituko dela, Daniel Peñafiel pilotu profesionala BMX Freestyle modalitatean eta Adán Pérez, berriz, Parkourrean.
'BreakOnStage' jaialdia agurtzeko kontzertuetan Sevillako Shotta rap kantariak Flowesia bere laugarren lana aurkeztuko du. Gainera, dagoeneko euskal hip hopeko erreferente bihurtu den Bilboko La Bandha del Patio rap taldeak bere hurrengo diskoko zenbait abesti eskainiko ditu.
Sarreren prezioari dagokionez, hamar eurokoa izango da Internet eta Kutxabankeko kutxazainetan erositakoen kasuan, hamabi euroan leihatilan erosiz gero eta zortzi euroan K26 txartelaren bitartez eskuratuz gero. Heldu batekin batera hurbilduko diren zortzi urtetik beherakoentzat sarrera doan izango da. Bestalde, 'BreakOnStage' herritar guztientzat irekita egongo da, doan, BBK Aretoan. Ostiralean, hilak 24, 18.30ean, koreografien txapelketaz gozatu ahal izango da, Urban Dance eta Experimental modalitateetan. Larunbatean, hilak 25, 15.00etan, break dance lehiaketa bat jokatuko da.
'BreakOnStage' jaialdia Bilbao Arenara itzuliko da apirilaren 25ean. / BORJA AGUDO
Dokumentuaren akzioak