Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Break dance'

Dokumentuaren akzioak

'Break dance'

Inoiz, orain arte bederen, egon den break dancer ospetsuenaren berri Herodotok eman zuen bere Historia liburuko seigarren alean (129. eta 130. ataletan).
Egilea
Angel Erro
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2017/02/21
Lotura
Berria
Hipokleides afari baten erdian, gustuko neskaren aita inpresionatzeko edo (izan ere, Greziako mutilen artean alabari ezkontidea aurkitzeko norgehiagoka gisako bat antolatua zuen Kleistenes zaharrak, Sizioneko tiranoak), dantzan hasi zen. Historiagileak dio seguruenik jandako zerbaitek kalte eginen ziola. Gaurdanik ikusita substantzia psikoaktiboren baten eraginean pentsa dezakegu. Kontua da inork ulertzen ez zituen mugimendu zentzugabeak egiten hasi zela. Herodotok dio, burua zoruan zuela, hankak goratu eta musikaren erritmora mugitzen eta biratzen hasi zela. Emanaldiak Hipokleidesi Agaristarekin ezkontzeko aukera guztiak galarazi zizkion. Amaitutakoan honako hau bota zion neskaren aitak: «emaztea lortu guran dantza izan duk hire akabantza», inoiz, orain arte bederen, bertsolaritzaz ezagutzen den lehen lekukotasunean. Mutilak, denborarekin hiriko magistratu nagusia izatera iritsiko zenak, thug life-ren estilo argian, «Hipokleidesi bost» erantzun zuen, bertako guztiak harri eta belarri utzita, Historia bera uler zezakeen belaunaldiaz erditu arte behintzat.

Dokumentuaren akzioak