Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bostehun bat lagun kabalkada batean bilduak

Dokumentuaren akzioak

Bostehun bat lagun kabalkada batean bilduak

Bihar egun osoan iraganen da ekimen hau Angelun

Komunikabidea
Gara
Tokia
Angelu
Mota
Albistea
Data
2002/06/01

Duela urte eta erdi, Angeluko euskal kulturaren inguruko sei elkarte bildu ziren, bateraturik herrian animazio bat antolatzeko xedearekin. Hastapenean, asmoa kantaldi bat antolatzea bazen ere, azkenean Kabalkada erraldoia plantan jarri dute. "Kabalkada Angelun" izenarekin, biharko egun osoan dantza, musika eta herri animazioak antolatu dituzte. Jean-Marc Landarretxe Ibaialde elkarteko kide eta ekimenaren antolatzaileak esan zuenez, «gure helburua ekimen honekin, Angeluko biztanleekin proiektu komun bat osatzea zen, beren parte-hartzeari lehentasuna emanez».



Ondotik, berriz, herriko etxeko plazan, hiru hizkuntzetan, hau da, euskaraz, gaskoiez eta frantsesez, tobera antzeztuko dute. «Herri batean gertakari bat izaten zelarik, Kabalkadak egiten ziren horretaz trufatzeko. Horregatik, tradizioan kabalkada eta tobera elkarrekin egiten ziren», gaineratu zuen Landarretxek. Alabaina, Tobera hau gaur eguneko ikuspegi batetik eginen zela nabarmendu zuen Ibaialde elkarteko kideak. Ondotik, berriz, seiehun lagun bilduko dituen bazkari handia antolatuko dute, eta arratsaldean ere dantza eta musikarekin loturiko animazioak izango dira entzungai eta ikusgai. Eguna Oskorri taldearen kontzertuarekin burutuko dute. Kabalkada hau Angelun herri animazioa antolatzeko helburuarekin egin badute ere, ekimen honekin hiri honi «herri arima itzuli» nahi izan ziotela nabarmendu zuen Landarretxek. «Angelu herri txikia zen duela zenbait urte. Alabaina, denbora laburrean biztanle kopurua asko handitu da, eta, horren ondorioz, bere oinarrizko herri arima galdu du. Kabalkada honekin, egun bakar batez, Angeluri arima hori itzuli nahi izan diogu. Horregatik, egun osorako antolatu ditugun animazio guztiak herriko etxearen inguruan antolatzea erabaki dugu», azaldu zuen Landarretxek.

Dokumentuaren akzioak