Dokumentuaren akzioak
Bost mendeko historia
Zubi gaineko dantza egingo dute gaur goizean Lesakan. Orain dela bost mende hasi zen ohitura bat da, eta indartsu dago gaur egun ere
Burutik oinetaraino zuriz jantzita, txapela gorria buruan eta makila eskuan, Lesakako (Nafarroa) dantzariek Onin ibaiko alboetan dantza egingo dute aurten ere hilaren 7an, azken bost mendeetan egin duten bezala. San Fermin festetan ohitura da zubi gaineko dantza, eta Lesakako festen ikur bilakatu da.
San Fermin egunari hasiera emateko, 10:30ean, udalbatza, herriko bandera, ezpata dantzariak eta udal banda mezan izango dira. Ateratzean, segizioa herrian barrena ibiliko da, eta santuaren irudia eramango du. Bidean, dantzariek makil gurutzea dantzatuko dute, makilak elkarri emanaz. Ondoren, Eskolttikira jaitsiko dira, zubi gaineko dantza egiteko. Ezpata dantzariek dantzatuko dute, herriko txistulariek eta udal bandak jo bitartean. Onin ibaiaren bi alboetako hormetan kokatuko dira dantzariak, eta kapitaina haien parean jarriko da. Dantzariak ilara banatan azkar eta ziur aritzen dira dantzan, hanketan dituzten txintxarriek soinua egiten dutela. Karelaren gainean dantza egiten dutenez, aurrera eta atzera ibiltzen dira, eta arriskutsua izan daiteke. Dantza amaitzean, herriko bandera astintzen dute, Bandaren arbola kantaren erritmora.
Dantza sinboliko horrez gain, egun osoan bestelako dantzak ere egiten dituzte Lesakan: mutil dantza, neska dantza, aurreskua, porrusalda eta jotak, besteak beste.
Zahartzen ez den dantza
Zubi gaineko dantza hilaren 7an egiten da XV. mendetik, bakearen seinale gisa. Lesakako Legarrea eta Pikuzelai auzokoek liskarra handiak zituzten antzina, baina, sute bortitz baten ondorioz, elkarlanean aritzeko beharra ikusi zuten. Orduz gero, dantza bakearen sinbolo gisa egiten da.
Horrez gain, Lesakako sanferminetan eskaintza zabala ere izango da. Gaur, bertso jaialdia egingo dute, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin, besteak beste. Musikak presentzia handia izango du, heldu eta haurrentzako danborradekin, txarangekin eta gaueko kontzertuekin. Kirolzaleentzat ere pilota partidak izango dira.
Zubi gaineko dantza
Gaur, goizean, Lesakako Onin ibaian (Nafarroa)
Ezpata dantzariek zubi gaineko ohiturari eusten diote. G. RUBIO/ ARGAZKI PRES
Dokumentuaren akzioak