Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bost lan hautatu dituzte aurten Koreografo Berrien Erakusketan emateko

Dokumentuaren akzioak

Bost lan hautatu dituzte aurten Koreografo Berrien Erakusketan emateko

Gasteiz, Barakaldo eta Donostian emango dituzte, hilaren 20, 26 eta 30ean

Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/04/11

Ikutu taldearen Bostak S2, Pantxika Telleriaren Firua. Ihes puntuak, Saioa Ibañezen Ihes puntuak, Mayda Zabalaren ... Y descuelga mi corazón eta Natalia Mongeren Mejor mal acompañado que solo koreografiak dira Koreografo Berrien Erakusketaren aurtengo ekitaldirako hautatutako lanak. Apirilaren 20an Gasteizen, 26an Barakaldon, eta 30ean Donostian aurkeztuko dira koreografia horiek. Eusko Jaurlaritzak eratzen du ekimena, koreografo berriei plaza bat eskaintzeko asmoz. Aurtengoa seigarren ekitaldia du ekimen horrek.



Hautaketa prozesuak aldaketa nabarmen bat izan du aurtengo ekitaldian. Aurreko ekitaldietan koreografo bakoitzak idatziz aurkezten zuen bere lana, eta zortzi edo bederatzi lan izaten ziren taula gainean emanak izateko hautatutakoak. Aurten, aldiz, lehen galbahe bat pasatutako hamabi koreografiak epamahai baten aurrean jokatuak izan dira, azken hautaketa egin aurretik, eta bost baino ez dira izan azken hautaketa horretan aurrera egindakoak. Zortzi koreografiren emanaldiari luzeegi iritzita erabaki dute antolatzaileek aurtengo ekitaldian bost baino ez izatea, azkenean, hautatutakoak.



Epaimahai zabal eta orekatua, hiru arlotan banatua



Epaimahai zabal eta orekatua sortu dute aurten antolatzaileek, dantzaren munduko aditu ezagunek osatua, eta hiru arlotan banatua.



Epaimahaiaren sail bat hautaketaren ardura zuen batzordeak osatu du: Jose Antonio Arbelaitz, Marga Arroyo, Luque Tagua, Iñaki Landa, Jose Lainez, Lide Arana eta Laura Etxebarria izan dira kideak. Epamahaikide horien botoen indarra %40koa izan da.



Beste sail bat prentsako kritikoek eta programatzaileek osatu dute; Fernando Piñeiro, Marian Gerrikabeitia, Iratxe Arantzibia, Agus Perez —Egunkariako kritikoa—, Iñaki Larrañaga eta Carlos Gil. Epaimahaikide horien botoen indarra %30ekoa izan da.



Azkenik, beste sail bat koreografo ezagun batzuek osatu dute: Damian Muñoz, Idoia Zabaleta, Eguzki Zubia, Blanca Arrieta, Jon Munduate eta A Deshoras Dantza konpainiak. Horien eragina ere %30ekoa izan da.



Hautaketaren ondoren, kanpoan geratu diren zazpi koreografiak honako hauek dira: Gema Espinosaren eta Talangaka konpainiaren Errantes, Igor Calongeren Oz, Alicia en off, Kontxi Lopezen Laket, Nerea Urbietaren Cuerpo y aire, Maitane Zalduegiren Paisajerik gabeko jendea, Gabriel Ocinaren No me cuentes eta Judit Ruiz eta Maria Martinen Anónimos.

Dokumentuaren akzioak