Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bost lagun omenduko dituzte XIII. Dantza Sariekin, larunbatean

Dokumentuaren akzioak

Bost lagun omenduko dituzte XIII. Dantza Sariekin, larunbatean

Aitor Arrieta, Asier Zabaleta, Merche Filguera, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi izango dira sarituak

Dantzaren Hilabetea izan da apirila beste behin ere, eta asteburu honetako jarduerakin emango dio bukaera Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak. Zehazki, XIII. Dantza Sariak banatuko dituzte larunbatean, 17:00etan, udaletxeko batzar aretoan; eta Dantzaren Nazioarteko Egunaren XIX. Gala igandean egingo dute, 19:30ean, Viktoria Eugenia Antzokian. Sariei dagokienean, bost izango dira aurtengo sarituak: Aitor Arrieta oreretarra, Asier Zabaleta ezkiotarra, Merche Filguera donostiarra, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi donostiarrak. “Usadiozko dantzaren oinarrien bila egin duten lan izugarriagatik, pasioz eta zintzotasunez betetako bizitzagatik sarituko ditugu”, aipatu du Idoia Lekunberri Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko presidenteak, gaurko aurkezpenean, Urbeltz eta Arregirengatik.
Egilea
Estitxu Zabala
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Mota
Albistea
Data
2015/04/20
Lotura
Irutxuloko Hitza
  • Aitor Arrieta oreretarra (Errebelazio Saria). Errenteria Musikalean jaso zituen bere lehen ballet eskolak, 200tik 2008ra, eta ondoren, Thalia dantza estudiora igaro zen, bi urtez. Euskal dantzari esker lortu zituen bere lehen garaipenak, Euskadiko Dantza Sueltoko Txapelketa eta Euskadiko Aurresku Txapelketa irabazi zituelarik. Madrilgo Madiemma Kontserbatorioan dantza klasiko ikasketak egin zituen eta Kukai konpainiaren Hostoak ikuskizunean parte hartu zuen. Hainbat sari jaso ditu.
  • Asier Zabaleta ezkiotarra (Ibilbide Artistikoaren Saria). Dantza tradizionalaren barruan hasi zen dantzan, baina dantza garaikideak liluratu zuen. Iñaki Landaren eskutik jaso zuen dantza garaikidearen formakuntza eta 1994tik interprete gisa parte hartu du honakoetan: Arteszena, Adeshoras eta Compañia de Vicente Saez, Hojarasca, Q-ro y cia eta Maskarada. Suitzako Alias konpainiako kide izan da1999tik 2004ra. Danada izan zen koreografo moduan egin zuen lehen lana, 1999an. Euskal Herrian bere koregrafo lanarekin jarraitu zuen eta Ertza konpainia sortu zuen. Bere hainbat lan saritu dituzte eta Donostian bizi da aspaldian.
  • Merche Filguera donostiarra (Dedikazio Saria). Bederatzi urte zituenean sartu zen dantzaren munduan. Dantza Klasiko Espainiarrean eta Bolero Eskolan maistra da Grosen. Hainbat ikasketak ditu eta bere irakasle ibilbidea oso zabala da. Epaile lanean aritu da dantza latino lehiaketetan. Gipuzkoako Dantza Profesionalen presidentea izan zen 2011tik 2014ra.
  • Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi donostiarrak (Ikerkuntza Saria). Senar-emazteak dira. Juan Antonio Urbeltz Iruñea jaio zen baina txikitatik Donostian bizi izan da, eta Marian Arregi donostiarra da. Urbeltz Goizaldi taldean hasi zen dantzari gisa, eta 1965ean Argia taldean euskal folklorearen inguruko lanari ekin zion. Argia taldeko musikarien zuzendaria izan da Arregi eta hainbat disko kaleratu ditu beraiekin.


Gala anitza

Dantzaren Nazioarteko Egunaren Gala 2008tik egiten dute Viktoria Eugenia Antzokian, eta aurten ere hala izango da. Irungo Amaia Antzokian (1997-2001), Tolosako Leidor Antzokian (2001-2004, 2007), Andoaingo Bastero Kultugunean (2005) eta Kursaal Auditorioan (2006) egin izan dute aurretik. Hainbat dantza estilo bilduko ditu aurtengo ikuskizunak, beraz, ikusleek emanaldi heterogeneo batetaz gozatu ahal izango dute. Bariazio klasiko eta neoklasikoekin hasi, eta estilo modernoagoak diren dantza garaikidearekin eta flamenkoarekin jarraituz, eta euskal dantzarekin amaituz.

Honakoak izango dira galako partaideak: Argia Dantza Taldea, Asier Zabaleta, Aitor Arrieta -Natalia Muñoz (Compañia Nacional de Danza), Iker Murillo-Vitali Safronkine (Bejart Ballet Lausanne), Jacob Hernandez-Miren Gomez, Kelian Jimenez-Soledad Ruz, Malandain Ballet Biarritz, Ballet de Camara de Madrid, Dantzaz eta Gasteizeko Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioa. Gainera, aurtengo Dantza Sariak jasoko dituzten lau lagunek parte hartuko dute galan; Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik Argia Dantza Taldea-rekin, Asier Zabaletak eta Aitor Arrietak Compañia Nacional de Danzako euren lagun Natalia Muñozekin. Horietaz gain, galan bilduko dira, besteak beste, Dantzaz konpainia eta Soledad Ruz dantzari donostiarra. Galarako sarrerak antzokiko leihatilan salgai daude, baita Kutxabanken Interneteko sarreren salmenta zerbitzuan. Dantzarako zaletasuna sustatzeko asmoz, sarrerak 6, 10 eta 12 eurotan jarri dituzte salgai.

Dantza Sariak eta gala, prentsaurrekoa

Donostia Kulturako Norka Chiapuso eta Idoia Lekunberri, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko presidentea. (Argazkia: Estitxu Zabala)

Dokumentuaren akzioak