Dokumentuaren akzioak
Bost ikuskizun Kanbo-Luhuson
Antzerkia, dantza garaikidea eta zirkua ikusi ahalko dira gaur eta bihar, doan, Lapurdiko bi herriotan
Dejabu konpainiaren Gizona ez da txoria ikuskizunarekin hasiko 
da bi eguneko jaialdia, gaur, 20:00etan, Kanboko AIEC aretoan. Sariak 
jaso ditu antzezlan horrek ACT Nazioarteko Eszena Talentu Berrien 
Jaialdian eta Pragako World Puppet Art festibalean. Txotxongiloek eta 
aktoreek elkarrekin bat egiten dute ikuskizunean. Bosniako gerratik 
ihesi Euskal Herrira etorri den emakume baten eta azpiegitura erraldoi 
batek baserritik bota duen gizon baten istorioa kontatzen du. Biek hegan
 egin eta jaioterrira itzultzea dute amets.
Vendaval konpainiaren La mer dans un verre dantza 
garaikideko ikuskizuna egingo dute 90 minutu geroago, pilotalekuan.
Jaialdiak Luhuson jarraituko du larunbatean. Kilikolo 
zirkukonpainiak Kilikolo Fitness Mouvemente lana aurkeztuko du,
 19:30ean, frontoian. Babiloniako loreak antzezlana taularatuko
 du Artedrama taldeak, 20:30ean, kultur gelan. Zirkuarekin hasitako 
eguna, trapezio ikuskizun batekin amaituko da: Cie Du Bord De Piste 
taldearen eskutik, bakarlari bat arituko da grabitatearekin jolasten, 
22:00etan, kultur salan.
IKUSKIZUNAK
Noiz. Gaur eta bihar, Kanbon eta Luhuson 
(Lapurdi).
Dokumentuaren akzioak
 
     
 
  
 
 
