Dokumentuaren akzioak
Bost egun koreografia bat asmatu eta jendaurrean azaltzeko
Urnietako Egape Ikastolako DBH 3.eta 4. mailako ikasleek ‘Five days to dance’ dantza komunitarioko ekimena jarriko dute martxan, Urnietako Udalaren eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua proiektuaren babesarekin. Bi koreografo Urnietako Egape ikastolako ikasgeletara hurbildu dira aste honetan eta ikasleei iragarri diete bost egun dituztela eszenatokira igo eta dantza egiteko. ‘Five days to dance’ ekimenak gorputz espresioa erabiliz koreografia bat aurrera ateratzeko asmoa du. Horretarako bost egun eta bi koreograforen laguntza dute gazteek. Aste honetan egunero dantza eta gorputz adierazpena landuko dituzte eskola orduetan Kiroldegian. Ondoren, ikasleek esperientzia honen emaitza aurkeztuko dute jendaurrean Saroben. Gizartea lengoaia ezberdin batekin ulertzeko begirada berri bat proposatzen du ’Five days to dance’ proiektuak. Erronka hau bera planteatzen dute koreografoek, astero, Europako hiri desberdinetan. Wilfried Van Poppel holandarra eta Amaia Lugeight euskalduna dira koreografoak. Bremendik datoz eta hainbat herrialdetan garatu dute jada proiektu hau. Pina Bausch, Susanne Linke edo Urs Dietrich-ekin lan egin dute bi dantzariek eta orain sekula dantzatu ez duen jendearekin lan egitea erabaki dute. Dantzaren koordinazioaz Edu Muruamendiaraz arduratu da eta guztira 85 gazte parte hartzen ari dira proiektuan. Astebeteko esperientzia da eta emaitza jendaurrean aurkeztuko dute larunbat honetan, bi emanalditan, lehenengoa 16:30ean gurasoei zuzendua eta 18:00etan herritar eta zaleei irekia. Egape Ikastolako ikasleak larunbaterako koreografia entseatzen. / JUANEFR
Dokumentuaren akzioak