Dokumentuaren akzioak
Bost dantzari eta mundu bat
Kukai dantza taldeak 'Topaguneak' ikuskizuna eskainiko du ekainean Txillida-Leku museoan
Kukairentzat berezia da hemen dantzatzea. Gure ibilbideko une polit batzuk hemen bizi izan ditugu». Jon Maia Kukai konpainiako zuzendariaren hitzak dira, dantza taldeak Txillida-Lekurekin izan duen harremanaren isla. Udako solstizioari lotutako bina ekitalditan izana da aurretik Kukai Hernaniko museoan —artean irekita zegoela—, eta hirugarrengoz izango da ekainaren 18an. Egun horretan, museorako prestatutako Topaguneak ikuskizuna emango dute Kukaiko bost dantzarik Zabalagako zelaietan, artelan artean. Emanaldia Donostia Europako Kultur Hiriburua dela ospatzeko xedez prestatutako Zabalagako Topaketak egitarauaren barruan kokatuko da.
Urtarrilaren amaieran, Oskara dantza ikuskizuna estreinatu zuen Kukaik Donostiako Viktoria Eugenian, Marcos Morau La Veronal dantza konpainiako zuzendariarekin landutako lana, eta haren nolabaiteko jarraipena izango da Topaguneak, Maiak berak azaldu duenez: «Oskara-k edukiz elikatzen du Topaguneak». Hartan bezala, bost dantzarik hartuko dute parte Topaguneak-en, Alain Maiak, Eneko Gilek, Ibon Huartek, Martxel Rodriguezek eta Urko Mitxelenak, eta, haiekin batera, Erramun Martikorena ariko da kantari. Gainera, hainbat kolaboratzaile ere izango ditu Kukaik: Hernaniko Txalaparta Eskola, Joxean Goikoetxea soinu jotzailea eta Zubietako joaldunak —horiek bereziki erakartzen dute Maia—: «Txillida-Lekuko zelaietan irudikatzen ditut, eta oilo ipurdia jartzen zait».
Tradizioa eta abangoardia. Bi kontzeptuak garrantzitsuak izan dira Kukairen ibilbide osoan, eta ikuskizun berriaren ardatzean ere izango dira. Horrek Eduardo Txillidaren lanarekin ere lotzen du ikuskizuna bera. Maia: «Eduardo Txillidaren lanak asko du sustraietatik, baina baita ikuspegi irekitik ere».
Ibilbidea, eskultura artean
Topaguneak Txillida-Lekun propio emateko ikuskizuna izanik, hango zelaietan barreiatutako eskultura elementuak baliatuko ditu Kukaik. Zabalaga baserri kanpoaldetik abiatuko dira dantzariak, eta zazpi bat geldialdi egingo dituzte eskulturen artean —De musica eta Besarkada horien artean—. Artelanekin eta artelanetan egingo dute dantza, eskulturaren eta espazioaren parte izan arte. Hori dantzarientzat erronka izango da, ez baitaude ohituak halako gune batean lan egitera. Dagoeneko hasi dira proba batzuk egiten, eta, atzo bertan, prentsa agerraldiaren ostean, entsegu bat egitekoak ziren. Izan ere, eremu eszenikoak berak baldintzatuko du, neurri batean, ikuskizuna ere. Gainera, publikoak dantzariekin batera egingo du ibilbidea. Maiak azaldu duenez, horrek guztiak baldintzatuko du ikuskizunaren iraupena, baina gutxi gorabehera 75 bat minutukoa izango da.
Mila sarrera jarriko dituzte salgai, kopuru hori delakoan ikuskizuna ondo ikusteko egokia, Txillida Fundazioko ordezkari Luis Txillidak azaldu duenez: «Zazpi puntu izango dira, eta jende guztiak ondo ikus dezan dago diseinatua saioa».
Emanaldia ekainaren 18rako dago aurreikusia; baina eguraldiak lagunduko ez balu, uztailaren 30era atzeratuko lukete.
Dokumentuaren akzioak