Dokumentuaren akzioak
Borroka giroan sustraitu trajeria
'Monzon' pastoralaren mustraka nagusia egin dute larraintarrek; hutsegite bakanak zuzentzeko balio du saialdi horrek. 24 jelkalditan, Telesforo Monzon zenaren borrokak eta bizi urratsak goraipatuak dira
Inguruen edertasunaz gain, pastoral sorora bertaratuko direnak
ohartuko dira ere antzezleku berezia paratu dutela larraintarrek.
Oholtza bada, bai, edozein pastoralen ohiko neurrikoa — arauak
baitaude—, baina, beste aldi guztietan ez bezala, ezponda artifizial
baten gainean jarri dute jokorako taulada. Gaineratikoak ia ohikoak
dira, hots, sar-irteeretarako hiru ateak eta soinu egileen aldamioa. Ia
ohikoak... zeren eta larraintarrek erabaki baitute Kiristien edo
Urdinen atea... oihal berde batez jaunztea! Nehori ofentsa egiteko
nahirik gabe, erran beharra da hori oker jokatze bat dela. Ezen,
ezjakinean, batzuek uste badute ere pastorala oholtza bateko hiru ateen
koloreak —urdin, zuri eta gorri— frantses banderarenak direla, hau ez da
batere hala. Kolore horiek frantses bandera asmatzetik askoz ere
antzinagokoak dira, eta esanahi jakin bat dute. Urdina da zeruaren
kolorea eta gorria infernuarena. Elizgizonen eta aingeruen
sar-irteeretako zuriak, berriz, garbitasunaren esanahia dauka.
Oker
egite horrez aparte, oinarrizko arauei jarraitzen dien pastorala bat da
Telesforo Monzon (Bergara, 1904 - Baiona, 1981) euskal politika eta
kultura gizonaren bizi urratsak eta borroka egiteak goraipatzen dituen
trajeria hau. Jean Bordaxar idazleak Monzon abertzale suhar eta
borrokalariaren irudipenari ahala hurbilenetik eta osatuenetik eutsi
nahi izan dio. Horrela, nolabait esatearren, Monzon pastoralak irudi aski gogorra islatzen du, borroka giro batean erabat sustraituta baitago.
Dantzak, ohikoak eta berriak
Jean
Bordaxarrek idatzi eta Jean-Pierra Rekalt errejentak oholtzarako
egokitu duen trajeria —hau da pastoralaren izen zaharragoa— 24 jelkaldiz
—jokalekura agertzez— osatuta dago, taula jokoez gain 197 bertset
aldarrikatuak daudelarik. Bertset eta taula jokoaz gain, pastoralaren
hirugarren osagai dauden kantuak, berriz, hamabi dira, horietarik
batzuk, jakina, Telesforo Monzonek berak ondutakoak eta ezagunak, hala
nola Batasuna edo Itziarren semea. Jean Bordaxar bera kantaria eta kantu sortzailea izanda, bost abesti ondu ditu.
Monzon
pastoralean, Euskal Herriak askatasunerako bidean daraman borrokan
oinarrituta dagoelaren isla da ere emakumeek Eustakio Mendizabal Txikia-ren ohorezko kantu bat ematea. Emakumeek dute, halaber, pastoraleko lehen kantua den Nik euskarari bai abestia ematen.
Pastoralaren
laugarren osagaia dantzan dagoelarik, ikusleek begi gozamenik hartuko
dute, bai satanen ohizko ateraldiengatik, baita Monzon
pastoralarentzako bereziki moldatutako koreografia pare batekin ere.
Dantza agerraldi eder horiek Ligiko Johañe Etxebest gaztearen dohainetik
sortutakoak dira, kantarien eskolatzen jardun duelarik, berriz,
Altzaiko Jean-Louis Aranburuk. Koreografiei dagokienez, beltzez
jantzitako bi dantzari ilarrak emandakoak eta Monzoni agur egiteko
orduan ikurrinaz jositako azken balletak txalo zaparrada beroak jaso
behar lituzke.
Zuberotarrak ez diren pastoral horretako ikusleek
hauteman ez ditzaketen ezaugarri edo pasadizo batzuk ere aipatu
daitezke. Hala, jelkaldi bat edo bestean oholtzara agertzen diren eta «¡Arriba España !»
ozenak airera botatzen dituzten jokoko guardia zibilen artean,
Larraineko auzapez Sebastien Uturriaga bada. Ipar Euskal Herriaren
sozio-politiko aniztasunaren seinale ere nonbait, Jose Luis Alvarez
Enparantza Txillardegi-ren rola egiten duena... jendarme ohi bat
da! Oso alderantziz, berriz, Atharratzeko kantonamenduko azken
hauteskundeetan Euskal Herria Bai koalizio abertzaleko hautagaia zen
Gillen Iriart... oholtzara une batean agertzen diren jendarmeetatik bat
da!
Jai egunaren egitaraua zehaztearren, 10:30ean hasiko da
pastoraleko arizaleekiko mezarekin. Ondoren, karrika itzulia izango da
11:30ean, bazkaria 12:30ean, pastoralaren agerraldia 15:30ean, eta
afaria 20:30ean. Azken gomendio gisa, esan daiteke oso komenigarria dela
goizik etortzea.
Monzon pastorala Sakartea mendi zoragarriaren pare-parean antzeztuko da. / GAIZKA IROZ
Dominique Urruti (makilari helduta, zutik), Monzon helduaren rolean. / A. S.
Ximun Akozeberri (ezkerretik bigarrena), Monzon gaztearen rolean, iragan igandeko mustrakan. / GAIZKA IROZ
Dokumentuaren akzioak